4.161 langabe gehiago izan dira urtarrilean Hego Euskal Herrian
4.161 langabe gehiago izan dira Hego Euskal Herrian 2020ko urtarrilaren amaieran, 2019ko abenduko datuekin alderatuta, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera. Hain zuzen ere, Euskadin, langabeziak % 3,05 egin du gora urteko lehen hilabetean, eta Nafarroan, aldiz, % 2,03. EAEn, 3.487 langabe gehiago daude, eta Foru Erkidegoan, 674 gehiago. Guztira, 151.521 langabe daude Hego Euskal Herrian: 117.649 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 33.872 Nafarroan.
2019ko urtarrileko datuei erreparatuta, langabeziak behera egin du Euskadin; izan ere, 3.101 langabe gutxiago daude, hau da, % 2,57 gutxiago (Estatuan, batez besteko jaitsiera % 0,97koa da). Nafarroan, berriz, langabeziak % 0,87 egin du gora, eta 293 langabe gehiago daude.
Espainiako Estatuan, urteko lehen hilabetean 90.248 langabe gehiago izan dira; 2014tik honako urtarrilak aztertuta, 2020koa txarrena izan da, hortaz. Guztira, 3,25 milioi langabe daude Estatuan. 2019ko abendutik, langabeziak % 2,85 egin du gora; duela urtebeteko datuekin alderatuta, aldiz, % 0,97ko murrizketa izan da.
Gizarte Segurantzak, afiliatu gutxiago
Espainiako Gobernuak, halaber, Gizarte Segurantzarako afiliazioaren gaineko datuak ere eman ditu. Gobernu espainiarraren arabera, Euskadin, urtarrilean, Gizarte Segurantzak 969.971 afiliatu izan ditu batez beste, hau da, 2019ko abenduan baino 10.621 gutxiago (% 1,08 gutxiago). 2019ko datuekin alderatuta, alabaina, 16.447 afiliatu gehiago dira (% 1,72 gehiago). Nafarroan batez besteko tasak % 1,01 egin du behera urtarrilean, aurreko hilabeteko datuei erreparatuta; azken urtean, 2019ko urtarrileko datuekin alderatuta, % 2,43 igo da. Afiliatuen batez besteko kopurua, hortaz, 286.929koa da.
EAEn, tasak hiru lurraldeetan egin du behera, 2019ko abendutik. Batez beste, 159.713 afiliatu izan dira Araban, 1.780 gutxiago (% 1,1eko jaitsiera); Bizkaian, 486.039 afiliatu daude, 5.343 gutxiago (% 1,09ko beherakada); eta Gipuzkoan, batez beste, 324.219 afiliatu izan ditu Gizarte Segurantzak, abenduan baino 3.498 gutxiago (% 1,07 egin du behera). Hiru kasuetan, beherakada Estatuko batezbestekoa baino txikiagoa izan da; izan ere, afiliatuen kopuruak % 1,26 egin du behera Estatu mailan.
2019ko urtarrileko datuak aztertuta, aldiz, EAEko hiru lurraldeetan izan da gorakada. Bizkaian, 7.881 afiliatu gehiago daude orain (% 1,65 gehiago); Gipuzkoan, 5.962 gehiago (% 1,87 egin du gora); eta Araban, 2.604 afiliatu gehiago daude (% 1,66 gehiago). Gipuzkoak soilik gainditu du Estatuko batez besteko igoera, Estatuan % 1,83 igo baita afiliatuen kopurua.
Nafarroan ere, urtarrilean, afiliazio-kopuruak behera egin du; abenduan baino 2.923 afiliatu gutxiago daude. 2019ko urtarrileko datuekin alderatuta, 6.796 afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak.
"2008tik honako laugarren urtarrilik onena", Eusko Jaurlaritzaren arabera
Urtarrileko datu horien guztien berri izan ostean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi Borja Belandiak Lanbideko Zerbitzu Orokorretako zuzendari Nestor Aranarekin batera emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, "euskal lan-merkatua errepikatzen diren zikloen arabera mugitzen da", eta, testuinguru horretan, "langabe gisa erregistratutako pertsonen kopuruak gora egin ohi du urtarrilean"; izan ere, krisi ekonomikoaren aurretik eta krisi garaian, langabeen kopuruak beti egin du gora urtarrilean. Hori kontuan izanik, 2020koa "laugarren urtarrilik onena izan da 2008tik hona".
"Euskal ekonomia gora egiten ari da, eta, Ogasun eta Ekonomia Sailaren aurreikuspenaren arabera, 2020an ere gora egingo du, erritmo txikiagoan bada ere. Horrek eragina izango du lan-merkatuan, eta, urtarrileko egoeraren araberako datu hori gorabehera, enpleguak gora egingo du. Gure ustez, nolanahi ere, aurreko urteetan baino erritmo txikiagoan egingo du gora", adierazi du Belandiak. Gogorarazi duenez, "afiliazioaren datuak, azken hilabetean behera egin badu ere, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten pertsonen kopuruaren marka historikotik gertu gaudela erakusten digu, alegia, milioi bat pertsonako kopurutik hurbil".
2020ko lehen hilabetean, zerbitzuen sektoreak bereziki ekarri du langabezia-tasaren igoera, 2019ko abenduan baino 3.686 langabe gehiago baitaude sektore horretan. Lanbideko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "igoera hori Gabonetako bultzada amaitu denean gertatu da funtsean, eta gauza bera gertatzen da urtero". Industria sektorean, langabezia-tasak 172 pertsonako beherakada izan du azken hilabetean, eta eraikuntza sektorean, berriz, 307 langabe gutxiago daude.
Belandiak esan duenez, "langabeziak emakumearen aurpegia izan du urtarrilean", 3.487 langabe berrietako 3.147 emakumeak baitira (% 90,2). Urtetik urterako datuak ikusita, ordea, langabeziaren portaera emakumeen kasuan izan da hobea; izan ere, emakumeen langabezia-tasak % 3,75eko jaitsiera izan du, eta gizonenak, berriz, % 1,01ekoa. "Gaur egun, langabeen % 56,2 emakumeak dira", adierazi du.
Egun, erregistratutako pertsonen % 47,8 luzaroko langabeak dira (hau da, urtebete baino gehiago daramate erregistratuta, 25 urtetik gorakoen kasuan, eta sei hilabete baino gehiago, 25 urtetik beherakoetan). Azken urtean, luzaroko langabe gisa erregistratutako pertsonen kopuruak % 7,89ko jaitsiera izan du; iraupen laburreko langabeziaren kasuan, berriz, % 2,88ko jaitsiera izan da. Prestakuntzari dagokionez, Euskadiko langabeen % 60,4k oinarrizko ikasketak dituzte gehienez.
"Lanbidek bereziki azpimarratu du pertsona horientzako aukerak bilatzeko eta sortzeko premia, horien egoera baita, hasiera batean behintzat, okerrena. Prestakuntzaren eta enplegu-laguntza eta enplegu-plan espezifikoen bidez, euren tokia aurki dezatela lortu nahi dugu", adierazi du Belandiak. Ildo horretan, "Euskal Enplegu Zerbitzuak 108 milioi euro inguru bideratuko ditu aurten enplegurako prestakuntzari lotutako ekintzetara", gaineratu du.
Euskadin, 80.259 kontratu berri sinatu dira urtarrilean, eta horien 7.433 (% 9,26) mugagabeak izan dira. Mugagabeen ehunekoa aurreko hilean baino 1,8 puntu handiagoa da, eta, iazko urtarrilarekin alderatuz, puntu bat igo da. Gainera, epe baterako kontratuak bi puntu jaitsi dira, iazko abenduarekin alderatuz. "Kontratuen kalitatean hobekuntza nabaritzen da, mugagabe gehiago eta partzialen beherakadarekin. Ikusiko dugu hau tendentzia bilakatzen ote den aurten", esan du Belandiak.
Gainera, 2020ko lehen hilabetean 41.544 pertsona langabe ari dira Euskadin langabezia-prestazioa kobratzen, aurreko hilean baino 3.247 gehiago. Orain, lanik gabe dauden pertsonen % 35,3k du prestazioren bat kobratzeko eskubidea. Iazko datuarekin alderatuta, estaldura-maila 4,36 puntu igo da.
Zure interesekoa izan daiteke
EBZk inflazioaren gorakada eta hazkundearen moteltzea aurreikusi ditu, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz
Abenduko proiekzioekin alderatuta, aurten bereziki inflazioak gora egingo duela ohartarazi du Europako Banku Zentralak (EBZ), Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz energiaren prezioak nabarmen igo direlako.
Angularik ezin dela arrantzatu berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak
Iazko azaroan, 2025-2026rako aurreikusitako angularen kanpaina bertan behera geratu zen EAEn, Eusko Jaurlaritzaren txostenek espeziea egoera kritikoan zegoela egiaztatu baitzuen.
Diesel litroa 2 eurotik gora dago Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan
Gasolioaren prezioa % 30,78 igo da martxoan, Irango gerrak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz, eta maximo berria ezarri du, litroko 1,916 eurora iritsi baita EAEn, batez beste, 2022ko uztailetik izan duen preziorik garestiena.
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. Handling enpresa horrek zerbitzua ematen duen Estatuko aireportu guztietan izango dira greba-deialdiak.
Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Irango gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak aztertuko ditu
Nafarroako Gobernuak aurreratu du Ministroen Kontseiluak ostiral honetan iragarriko dituen neurriak arretaz aztertuko dituela Nafarroan aplika daitezkeen egiaztatzeko.
"Indarberriturik eta helburua lortzetik gertuago" atera dira langile klasea eta indar sindikala, ELAren eta LABen ustez
Sindikatuen ustez, greba orokorra "klase elkartasun erakustaldia" izan da. LGS propioa lortzeko bideak zabalik daudela adierazi dute (bai patronalarekin, bai Espainiako Kongresuan) eta Jaurlaritzari eta, bereziki, EAJri, eskatu diote argitu dezala Legebiltzarrean eta Espainian dituen jarrera kontraesankorrak.
Atzoko greba orokorra "indar erakustaldia" izan zen, LAB eta ELA sindikatuen aburuz
Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketetan LAB eta ELAko idazkari nagusiek adierazi dutenez, atzokoak "oso mobilizazio jendetsuak izan ziren, 135.000 pertsona ere batu zirela". "Indarberrituta atera gara", azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABen koordinatzaile nagusiak.
Albiste izango dira: Greba orokorraren balantzea, Iranek Ali Larijaniren heriotza eta Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu greba orokorraren egunean
Desordena publikoak egitea leporatzen zaie. Gainera, bost pertsona ikertzen ari da eta 165 identifikatu ditu.