Gestampek Zamudion dituen lantegiak ixtea ekiditeko borroka egingo dute sindikatuek
LAB eta ELA sindikatuek iragarri dute Gestampek Zamudion dituen bi lantegiak ixtea saihesteko borroka egingo dutela. Bi fabriketako enpresa-batzordeek langileekin asanblada bateratua egingo dute ostegun honetan.
Zuzendaritzak atzo jakinarazi zien sindikatuei GTS eta Matricerias Deusto lantegiak itxi egin nahi dituela eta, ondorioz, 230 behargin kaleratuko dituela. Gutun bidez egindako jakinarazpenean zazpi eguneko epea eman diete kaleratzeak negoziatzeko talde negoziatzaileak osa ditzaten.
Enpresak dio arazo ekonomikoak, produkziokoak eta antolakuntzakoak dituela, automobilgintza sektorean bizi duen krisiaren ondorioz. Krisia egiturazkoa dela eta pandemiaren aurretik hasi zela, baina COVID-19aren izurriteak egoera okertzea eragin duela zehaztu du.
Horrela, bada, kaleratzeak gauzatzea "ezinbestekoa" dela eta "justifikatuta" dagoela azpimarratu du.
Bi lantegiak bideragarriak dira, sindikatuen arabera
Testuinguru honetan, bi enpresa-batzordeek bilerak egin dituzte nork bere aldetik eta ostegun honetan langileen asanblada bateratua deitzea erabaki dute, egoera aztertzeko eta kaleratzeen iragarpenari eman beharreko erantzuna definitzeko.
Iratxe Azkue LAB sindikatuko ordezkariak ziurtatu du langileek beren lanpostuen defentsan "borroka" egingo dutela eta ohartarazi du bi enpresak ixteko arrazoirik ez dagoela.
Ildo horretan, gogora ekarri du 2014an industria-plan bat negoziatu zutela bi lantegien etorkizuna bermatzeko eta akordio horrek 2022ra arteko indarraldia zuela. Hala, ituna hautsi izana leporatu dio zuzendaritzari.
Horrez gain, onartezintzat jo du enpresak ustezko galerez hitz egitea, "iaz 212 milioiko irabazi netoa izan zuelako". Lanik ez dagoela ere gezurra dela esan du. "Taldea oso handia da eta lana bere interesen arabera banatzen du, lantegi batzuen itxiera justifikatu ahal izateko", kritikatu du.
Mikel Etxebarria ELA sindikatuko ordezkariak ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta azpimarratu egin du bi enpresak irekita mantentzeko beste lan badagoela eta horren erakusgarri dela zuzendaritzak aurrez aldi baterako lan-erregulaziorik aurkeztu ez izana.
"Gestampek irabazi handiak izan ditu eta guk kaleratzeak saihesteko borroka egingo dugu", erantsi du.
Bestalde, Gestamp Taldeak 22 lantegi (6.000 langile) ditu Espainiako Estatuan, baina EFE agentziari esan dio Zamudioko lantegiak soilik itxiko dituela.
Gestampek Bizkaian hainbat fabrika dauzka: Zamudion, Erandion, Gallartan, Derion, Muskizen eta Abadiñon. Azken hori da handiena, 2.000 behargin baititu.
Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jaso ditu Gestampek
Gestamp Taldearen iragarpenak haserrea eragin du Eusko Jaurlaritzan; izan ere, duela gutxi enpresa horri 8 milioi euroko diru-laguntza emateko ituna egin zuten.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du konpainiako arduradunekin hitz egingo dutela, "diru publikoa jasotzen duten heinean, Eusko Jaurlaritzarekin konpromiso bat dutelako".
"Zer gertatu den eta diru hori baldintzatuta dagoen ala ez jakin nahi dugu", esan du.
Arantxa Tapia Ekonomia Jasangarriaren Garapenerako sailburuak adierazi du bazekitela enpresak zailtasunak zituela, baina erantsi du ez dutela atzoko erabakiaren berririk.
Zure interesekoa izan daiteke
Arrigorriagako osasun-zentro berria 2030ean irekitzea aurreikusten du Osakidetzak
Gauzak ondo bidean, lanak 2028ko lehen hiruhilekoan hasiko dira, egungo zentrotik gertu dagoen lursail batean. Asmoa da espazio-gabeziak konpontzea eta zerbitzu berriak eskaintzea. Laguntza gaitasuna handituko du familia medikuntza, ama-haurrak eta fisioterapia arloak biltzen dituzten instalazio modernoekin.
Euskadiko pentsioen batez besteko zenbatekoa % 4,1 hazi da, eta 1.648 eurotik gorakoa da orain
Pentsio-modalitate ohikoenak honako hauek izan dira: erretirokoak (398.600 pentsio eta 1.909,25 euro batez beste), alarguntzakoak (132.270 eta 1.170,41 euro) eta ezintasun iraunkorrekoak (43.031 eta 1.590,25 euro).
Zubietako erraustegiko langileek osasun bermeak eskatu dituzte bederatzi langile intoxikatu ostean
Langileek garbitzaileen egungo akordioa ordezkatuko duen lan-esparru espezifiko bat eskatzen dute, eta erraustegiko azpiegituren segurtasun-falta salatzen dute
UAGAk Barredo sailburuaren dimisioa eskatu du bazkaren aferaz egindako adierazpenengatik
Nekazarien elkarteak Jaurlaritzaren "immobilismoa" salatu du, eta "sektoretik urrundu izana". Bestalde, ENHE sindikatuak lehorte egoera izendatzea eta "ezohiko laguntzak" eskatu ditu jasandako kaltea konpentsatzeko.
Euriborra % 3tik gora dago 2024ko irailetik lehen aldiz, eta hipotekadunen gaineko presioa handitu du
Adierazleak 2026an izan duen goranzko joera sendotu du, baina adituek gogorarazi dute eguneko datua dela, ez hileko batez bestekoa, hau da, hipoteka gehienak berrikusteko benetan erabiltzen den indizea.
Zubietako erraustegiko langileek salatu dutenez, enpresak "negozioa segurtasunaren aurretik jartzen du"
Abuztuaren 19an sute bat izan zen Ekobalen, eta bederatzi langile intoxikatu ziren beharrezko babes ekipamendurik gabe aritu zirelako sua itzaltzeko lanetan.
Grebarako aukera aztertzen ari dira garraiolariak, gasolioaren prezioaren ondorioz
Hileko gastua 2.000 euro inguru igo zaie otsailetik hona, eta garraiolari batzuek momentuz kamioiak aparkatzea erabaki dute. HIRU sindikatuko kamioilariek, berriz, lanuzteak egiteko aukera eztabaidatuko dute asanbladan, eta erabaki bateratua hartuko dute bertan.
Apartamentu turistikoetako gaualdiak % 23,3 igo dira uztailean EAEn, eta sarrerak % 9,7
Landa-ostatuen kasuan, sarrerak % 2,8 handitu dira eta gaualdiak % 5,6 jaitsi, 2025eko hilabete bereko datuekin alderatuta.
Amaia Barredo: "Eusko Jaurlaritza lanean ari da abeltzainekin hartutako epeak eta konpromisoak betetzeko"
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak aurreratu duenez, Jaurlaritzak "irailaren hasieran" abeltzaintza-sektorearen esku jarriko ditu lehengai batzuk batera erosteko bideak, lehorteak eragindako belar eskasia dela eta. Radio Euskadin ostiral honetan egindako elkarrizketa batean Barredok esan duenez, Bazka Mahaia oraindik deituta ez badago ere, ez da atzerapenak egongo: "Administrazioa ez dago bileraren zain erosketa bateratua prestatzeko".
Abeltzainak haserre, Bazka Mahaia irailera atzeratu duelako Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak bazkaren beharrei buruz egindako inkestan 435 ustiategiren erantzunak jaso ditu eta horiekin hartuko ditu erosketa bateratuaren kopuruari eta hornitzaileei buruzko erabakiak. UAGAk eta ENHEk lan egiteko modu eraginkorragoak eskatu dituzte. Hala ere, guztiak ados daude, etorkizunera begira bazkari buruzko plangintza bat behar dela esatean.