Gorde
Kendu nire zerrendatik

Txikizkako sektorearen salmentak % 2,1 hazi dira EAEn hirugarren hiruhilekoan

2020ko lehen hiru hiruhilekoen balantzean, berriz, merkataritza-jarduerak % 5,7 egin du atzera.
Saltoki txikiak, txikizkako salmenta
Txikizkako saltoki bateko langile bat. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren sektoreak % 2,1 egin du gora salmentetan 2020ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, behin egutegiaren ondorioak aterata eta prezio konstanteetan, Eustatek landutako datuen arabera. Sektoreko salmentak, zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, % 2,6 igo dira.

2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtaroei dagozkien ondorioak kenduta, hirugarren hiruhilekoko salmenta-indizeak % 19,8 egin du gora prezio konstanteetan, eta bigarren hiruhilekoan jasotako % 11,5eko atzerakada gainditu du.

Sektorez sektore aztertuta, elikagaien salmentak eta gainerako produktuak % 2,9 eta % 2,4 igo dira, hurrenez hurren, eta automoziorako erregaien salmentak % 4,4 egin du behera, hori guztia 2019ko epe berarekin alderatuta eta prezioen eta egutegiaren eragina kenduta.

Bigarren hiruhilekoari dagokionez, elikagaien salmentek % 2,5 egin dute behera; gainerako produktuetan eta automobilgintzarako erregaietan, berriz, % 48 eta % 47,9 igo dira, hurrenez hurren.

Elikaduraren txikizkako merkataritzaren barruan, elikaduran, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritza (fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, etab.) % 0,8 murriztu da; txikizkako merkataritza ez-espezializatua, berriz, % 4,8 hazi da, elikadura, edariak eta tabakoa nagusi direla (batez ere supermerkatuak eta hipermerkatuak).

Etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritza (besteak beste, etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio-ekipoak) % 10,1 igo da, eta beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatutako txikizkako merkataritza (liburuak, papergintzako artikuluak, jostailuak eta kirol-gaiak, adibidez) % 1,9 igo da.

Aitzitik, pertsonaren ekipamenduan espezializatutako saltokiak (jantziak, oinetakoak eta farmazia-produktuak, adibidez) % 0,5 egin du behera, eta espezializatu gabeak, berriz, % 5,4.

Lurraldez lurralde aztertuta, hirugarren hiruhilekoko salmenten indizeak gora egin du hiru lurraldeetan: Araban (% 4,3), Bizkaian (% 2,3) eta Gipuzkoan (% 0,8).

EAEko txikizkako merkataritza sektorean lan egiten duten langileen kopurua % 2,2 jaitsi da 2020ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. 2020ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,1eko jaitsiera izan da.

2020ko lehen hiru hiruhilekoetako balantze metatua

Txikizkako merkataritza-jarduera % 5,7 murriztu da lehen hiru hiruhilekoetako balantzean, eta portaera desberdina izan dute elikaduran egindako salmentek (% 5,7) eta gainerako produktuen salmentek (% 12,7) eta automobilgintzarako erregaienak (% 15,4).

Lurraldez lurralde aztertuta, Araban egin du gutxien atzera (% -2,2), Bizkaian (% -5,6) eta Gipuzkoan (% -7,4).

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X