Turismoa % 63 jaitsi da urrian EAEko hoteletan
Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetan 109.393 sarrera erregistratu dira urrian, iazko hilabete berean baino % 63,1 gutxiago. Urrian 209.716 gau igaro dituzte bidaiariek; hau da, urte arteko % 63,6ko jaitsiera.
Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, zifra horiek txarragoak dira irailekoen aldean: irailean 130.004 sarrera erregistratu ziren, eta 249.794 gaualdi, zeinek ekarri baitzituen urte batetik besterako % 59 eta % 60,2ko jaitsierak, hurrenez hurren.
COVID-19ak eragindako krisiak urrian ere eragin handia izan du hiru lurraldeetan. Hala, Bizkaian, 2020ko urriko sarrerak % 68,8 jaitsi dira 2019ko urriaren aldean; Gipuzkoan, % 59,5, eta, azkenik, Araban % 53,2. Gaualdiei dagokienez, urte arteko jaitsierak honakoak izan dira: Bizkaian % 66,1, Gipuzkoan % 64 eta Araban % 52,6.
Estatutik etorritako bidaiarien sarrerak, EAEko hotel-establezimenduen guztizkoan, 83.006 izan dira urrian; atzerritik etorritakoak, berriz, 26.387 izan dira. Hau da, 2019ko urrian baino % 50,2 eta % 79,7 gutxiago, hurrenez hurren. Atzerriko egoiliarren sarrerak sarrera guztien % 24,1 izan dira, eta ehuneko hori % 43,8koa zen 2019ko hilabete berean.
Batez besteko egonaldia 1,92 egunekoa izan da urrian, 2019ko urriko 1,94 eguneko batez besteko egonaldia baino apur bat laburragoa. Araban, iazko 1,87 egunetik aurtengo urriko 1,90 egunera igo da; Bizkaian ere igo da, 2019ko urriko 1,92 egunetik 2020ko urriko 2,09 egunera. Gipuzkoan, aldiz, batez besteko egonaldia 2019ko urriko 1,99 egunetik aurtengo urriko 1,77 egunera jaitsi da.
Plazen araberako betetze-maila ehuneko 34,3 puntu jaitsi da EAE osoan, 2019ko urriko % 59,8tik aurtengo urriko % 25,5era igarota. Lurraldez lurralde aztertuta, eskainitako plazen araberako betetze-maila % 31,0koa da Araban, % 24,0koa Bizkaian eta % 25,4koa Gipuzkoan. Urte arteko beherakadak, hurrenez hurren, 22,2, 34,7 eta 38ko portzentaje-puntukoak izan dira.
Gelen araberako betetze-maila ere 39,9 puntu jaitsi da, eta % 33,3tan kokatuta EAEn. Lurraldez lurralde aztertuta, erregistratutako balioak % 41,5 dira Araban, % 32,5 Bizkaian eta % 31,6 Gipuzkoan.
EAEn, guztira, 501 hotel-establezimenduk izan dute jardueraren bat aurtengo urrian, aurreko hilean (2020ko irailean) baino 24 gutxiago, eta 2019ko urrian gutxienez egun bat ireki zutenek baino 75 gutxiago. 2020ko urriko egun guztietan itxitako establezimenduen kopuruak, ordea, gora egin du irailean egoera berean egon zirenekin alderatuta: 127 guztiz itxita urrian, eta 96, berriz, 2020ko irailean. 2019ko urrian, ordea, 39 establezimendu itxita egon ziren hilabete osoan zehar.
Sektorearen errentagarritasun-adierazleei dagokienez, EAEko hotelen eguneko batez besteko tarifa (ADR) 69,2 eurokoa izan da 2020ko urrian, urtebete lehenago baino % 26,5 gutxiago. Batez besteko tarifa 66,5 eurokoa da Araban (% 8,4ko murrizketarekin), 63,6 eurokoa Bizkaian (% 29,9ko jaitsierarekin) eta 77 eurokoa Gipuzkoan (2019ko urrian baino % 26,8 gutxiago).
Gela eskuragarriko diru-sarrerak (RevPar), zeinak hotel-establezimenduen betetze edo okupazioaren araberakoak diren, 23,1 eurokoak izan dira 2020ko urrian Euskal AEn, 2019ko urrian baino % 66,6 txikiagoak.
Landetxeak
2020ko urrian 5.817 sarrera izan dira EAEko landetxeetan, hau da, % 61,2 gutxiago urte artean. Gaualdiak (14.238 pertsona orotara) % 53,9 jaitsi dira 2019ko urrian erregistratutakoekin alderatuta.
Hiru lurraldeetan izan da jaitsiera nabarmenak. Bidaiarien sarrerak % 74,7 jaitsi dira Araban; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, % 64,8 eta % 52,0, hurrenez hurren. Gaualdiek antzeko portaera izan dute: % 60,6 gutxiago Araban, % 65,2 Bizkaian eta % 43,6 Gipuzkoan.
COVID-19aren krisiak landetxeetan izan duen eragina hoteletan ikusitakoaren antzekoa izan da. Izan ere, 356 establezimenduk eman dute ostatu urrian, eta 380 establezimenduk, berriz, 2019ko urrian. Aitzitik, guztira 78 ostatuk itxita jarraitu dute aldi osoan, eta 2019ko urrian, aldiz, 42 izan ziren.
Zure interesekoa izan daiteke
Euspelek irabazi ditu Ertzaintzaren hauteskunde sindikalak, eta 20 delegatu izango ditu
Esanek ere 20 delegatu izango ditu, bigarren indar gisa kokatuta. ErNE, azken bi hamarkadetan Euskal Autonomia Erkidegoko polizia autonomikoan gehiengoa izan duen sindikatua, hirugarren postuan geratu da.
Greba Batzordeak eta Osasun Ministerioak elkarrizketei ekin diete berriro, bi asteko grebaren ostean
Alderdi guztien elkarrizketarako borondatea eskatu dute, Estatutu Markoa lortzeko.
Bilboko Aireportuko ‘handling’ zerbitzuek greba egingo dute, Aste Santuaren ateetan
Maletak eramateaz eta aireportuetako beste zerbitzuez arduratzen den Groundfroce enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte astelehen, asteazken eta ostiralean, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren barruko desadostasunak direla eta.
52 urteko gizon bat hil da Valtierran, lan-istripuz
Ezbeharra hondakinak kudeatzeko enpresa batean gertatu da, Nafarroako udalerriko abeltzaintza-industrialdean. Lehen ikerketen arabera, kargatzeko pala batek jo du langilea.
Tubos Reunidosek hitzarturiko kaleratzeekin bat egin dezaten eskaini die finko bihurtutako 42 langileei, aldi baterako langileen baldintzekin
Lan Ikuskaritzak, asteazkenean batzordearekin eta enpresarekin egindako bilera batean, Tubos Reunidosek lege iruzurrez egindako 42-47 behin-behineko kontratu atzeman zituen. Hori dela eta, enpresak finko egin behar izan ditu langileak. Sindikatuek azaldu zutenez, enpresak martxoaren 31ra arte luzatu zituen kontratazio horiek.
Ertzaintzan hauteskunde sindikalak egingo dituzte gaur, lantaldea handitzeko eskaera mahai gainean dutela
Botoa emateko eskubidea duten 7.078 ertzainek 60 ordezkari aukeratu beharko dituzte: 17 Araban, 23 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan.
Brent upela % 2 igo da, 104 dolarreraino, Irango gatazkaren eboluzioaren zain
Asteazkenean, % 2,17 jaitsi zen, gerrari amaiera emateko negoziazioek aurrera egiteko aukerak bultzatuta, eta AEBk Irani ebazpen-plan bat proposatu baitzion. Iranek plana onartu ez, eta berea aurkeztu du.
Euskadiko Lan Ikuskaritzak lege iruzurrez egindako 42-47 behin-behineko kontratu atzeman ditu Tubos Reunidosen
Langileen batzordeak bilera izan du goizean Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako ordezkariekin, Gasteizen, eta batzarrak iraun duen bitartean, dozenaka langilek protesta egin dute atarian.
Erregaien krisiak arrantza-sektorea astindu du: lehen ontziak geldirik, Ondarroan
Gasolioaren garestitzeak alturako flotaren zati bat portuan egotera behartu du. Bitartean, sektoreak bideragarritasuna bermatzeko laguntza gehiago eskatzen ditu.
Behargin bat hil da Goiaingo industrialdean, lan-istripuz
Ezbeharra 20:00ak aldera gertatu da, eta bertaratu diren larrialdi-zerbitzuek ezin izan dute langilea suspertu.