ErNEk irabazi ditu berriro Ertzaintzako hauteskunde sindikalak, baina Esanek aldea murriztu du
ErNE sindikatuak irabazi ditu berriz ere Ertzaintzako hauteskunde sindikalak botoen % 35,5 lortuta, Esan (% 32,3), Euspel (% 12,9), SiPE (% 9,8) eta ELA (% 7,8) sindikatuen aurretik.
Aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, ErNEk 3,2 puntu eta 3 ordezkari sindikal galdu ditu, 26 ordezkari izatetik 23 izatera igaro baita. Esanek, berriz, gora egin du, 2017an baino 4 puntu eta 3 ordezkari gehiago eskuratuta (21 guztira). Hala, ErNerekin duen aldea txikitzea lortu du; izan ere, 2 ordezkariko aldea dago orain bien artean, eta aldea 8koa zen duela bost urte.
Euspelek ere jasotako babesa handitu du, eta 8 delegatu eskuratu ditu. Hirugarren indarra da, beraz, ELAri tokia kenduta.
Hain justu, ELAk jasan du beherakada nabarmenena, 8 ordezkari izatetik 5 izatera pasatu baita. Sindikatu abertzalea Ertzaintzaren Mahai Sektorialetik kanpo geratu da, horrenbestez.
SiPEk, bestalde, Mahaian ordezkaritza lor lezake, 6 delegatu bereganatu baititu (5 zituen lehen).
Guztira, 63 ordezkari aukeratu dituzte: 26 Bizkaian, 20 Gipuzkoan eta 17 Araban.
7.519 agentek izan dute hauteskundeetan botoa emateko aukera, eta horien % 66,5ek botoa aurretik emateko eskubidea baliatu dute. Asteazkenean amaitu zen botoa aldez aurretik emateko epea, eta gainerakoek ostegun honetan aurrez aurre bozkatzeko aukera izan dute, 09:00ak eta 18:00ak bitartean.
Zure interesekoa izan daiteke