Gasteizko Mercedesen ekoizpena etenda dago beste egun batez grebaren ondorioz
Zortzigarren egunez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako grebak Gasteizko Mercedes-Benz lantegiaren ekoizpena geldiarazi du, gehiengo sindikalak —UGT, CCOO, Ekintza eta PIM— zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa gorabehera, eta Emilio Titos zuzendariak atzo egindako ohartarazpenari entzungor. Lantegiko buruak abisua eman zuen: langileek hitzarmena berritzeari ezezkoa ematen badiote, "akaberaren atarian egongo gara".
Sindikatu deitzaileek jakinarazi dutenez, jarraipen zabala izaten ari da lanuztea, tailerretako beharginen gehiengoak babestu du eta. Bihar ere greba deituta dute hiru sindikatu abertzaleek, eta nabarmendu dute mahai gainean dutela datorren asterako mobilizazio gehiago deitzea.
Radio Vitorian egindako adierazpenenetan, Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak esan du "oso pozik" daudela jarraipenarekin, "jendeak ulertu baitu gauzak lortzeko borrokatu behar dela; atzo baino jende gutxiago sartu da gaur", azaldu du.
Beharginek astelehenean erabakiko dute aurreakordioa babestu ala ez
Jarraipen masibo horrek zalantzan jartzen du datorren astelehenean langileek aurreakordioari oniritzia ematea. Bozketa dago deituta hilaren 18rako, Mercedeseko beharginek itunaren edukiez iritzia eman dezaten. Horren ildoan, grebaren deitzaileek salatu dute "gardentasun falta" sumatu dutela prozesuan, oraindik ez baitakite zenbat mahai egongo diren edo zein errolda erabiliko duten.
Hain justu, Emilio Titos Gasteizko lantegiko zuzendariak asteleheneko bozketari begira ohartarazi zuenez, beharginek "aurreakordioari 'ez' esaten badiote, akaberaren atarian egongo gara". Titosen esanetan, zuzendaritzak ezin du "irudikatu ere egin" langileek enpresak egindako "ahalegina" ez aintzat hartzea, eta gogorarazi du "langileen soldata nabarmen" igoko dela.
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak, lehendakariaren eta Arantxa Tapia sailburuaren ahotan, "zoriontzeko moduko" akordio gisa jo zuen.
Zure interesekoa izan daiteke
55 urteko gizon bat larri zauritu da Artikan, lan-istripu batean
Euskadiko sare elektrikoaren potentzia handitzeko inbertsioa 1.300 milioi eurokoa izango da eta 18.000 lanpostu sortuko ditu
% 18,9 hipoteka gutxiago sinatu dira irailean EAEn, eta % 33,3 gehiago Nafarroan
Tubos Reunidosek Langraizen duen lantegiaren beharginek ez dute azaroko nomina kobratuko
Bruselak espedientea jar liezaioke Espainiari, gastu-muga gainditzeagatik
Espainiako Gobernuak garraio publikorako laguntzak luzatu egin ditu, 2027 osorako, deskontu berberekin
Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du ICCATek adostutako hegaluzearen eta atun mojaren kuoten igoera: "Euskadiri mesede egiten dio"
Salgaien trafikoa % 1,6 handitu da Pasaiako portuan urteko lehen hamar hilabeteetan
Langile bat larri zauritu da Zallako enpresa batean