Esnea, olioa, arrautzak eta zerealak dira erosketa saskian gehien garestitu diren produktuak
Urte arteko KPIak behera egiten jarraitzen du Espainian, pixkanaka bada ere, uztailean goia jo ondoren. Irailean, Urte arteko Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 8,9an kokatu zen. Erosketa saskiari eragiten dioten produktuei dagokienez, hauek garestitu dira gehien: esnea, olioa, arrautzak eta zerealak.
Azken urtean, esnea % 25,1 garestitu da, berogailua, argiteria eta ur hornidura, % 24,8; olio eta koipeak, % 23,8; arrautzak % 23,6 garestiagoak dira, eta zerealek eta horietatik eratorritakoen prezioak % 22,3 egin du gora.
Halaber, hegazti haragiak (% 18,1), esnekiek (% 17,3), lekale eta barazki freskoek (% 17,9), patatak zein horien prestakinek (% 16,8) % 15etik gorako igoera izan dute.
Erregaien prezioa, abuztutik % 1,2 jaitsi bada ere, urte arteko konparaketak prezioak % 21,5 igo direla erakusten du. Produktu energetikoek, berriz, % 26 egin dute gora, nahiz eta azken hilabetean % 6,8 behera egin.
Etxebizitza % 17,2 garestitu da iaztik, baina % 5,2 merkatu da abuztuaren alderatuta.
Garraioaren prezioak % 1,4 egin du behera abuztutik irailera, baina % 9,4 garestitu da iazko irailetik.
Etxeko tresneria % 7,8 garestitu da iaztik, kafetegi eta jatetxeetako prezioak % 7,9 igo dira iaztik, eta jantziak eta oinetakoak, % 3,9.