Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxieneko soldata 1.400 eurora igotzea aldarrikatu du EH Bilduk
EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.400 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzea eskatzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzak gai honetan duen "lidergo falta" kritikatu du, "borondate politiko" kontua delakoan.
Gaur goizean Gasteizko ganbaran egindako prentsaurrekoan, Arkaitz Rodriguez legebiltzarkideak aurkeztu ditu datorren osteguneko osoko bilkuran eztabaidatuko duten mozioaren nondik norakoak.
Azaldu duenez, "hemengo errealitate soziekonomikora egokitutako" lanbide arteko gutxieneko soldata bat ezartzea proposatuko du, Europako Eskubide Sozialen Gutunaren gomendioari jarraituz. Horren arabera, bataz besteko soldataren % 60koa izan beharko litzateke eta, hori aintzat hartuta, EH Bilduk kalkulatu du zenbatekoa 1.400 eurokoa izan beharko litzatekeela.
EH Bilduk "elkarren osagarri" diren bi bide alternatibo proposatu ditu. Rodriguezen esanetan, enplegu politika pasiboak eskualdatzea eskatu nahi dute, eta "patronalak eta sindikatuek, negoziazio kolektiboaren bidez", EH Bilduk proposatzen duenaren ezaugarriak dituen gutxieneko soldata bat ezartzeko lanbide arteko akordio bat bultzatzea.
Rodriguezen iritziz, pozgarria da Espainiako Gobernuak berriki gutxieneko soldata 1.080 eurora igo izana, baina ez da nahikoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako. "Hemen, batez besteko soldata Espainiako Estatukoa baino % 20 inguru altuagoa da eta bizitza ere % 20 inguru garestiagoa", gaineratu du.
EH Bilduko legebiltzarkideak uste du eskumenik gabe ere ezarri daitekeela gutxieneko soldata, baldin eta borondate politikorik badago. "Uste dugu Gobernuak zeresan handia duela eta jarrera proaktiboa eta lidergoa izan behar dituela aldeei horrelako akordio bat eskatzeko", berretsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
ELAk greba orokorra deituko du
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako