Euspeleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak datorren ostegunean bilduko dira, negoziatzen jarraitzeko
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak datorren ostegunerako deitu ditu Euspel sindikatuko ordezkariak, Ertzaintzaren lan-baldintzen inguruan negoziatzen jarraitzeko. Sindikatuak argi utzi du bere eskariei eusten diela, eta "lan-hitzarmena puntuz puntu berritzea" nahi dutela.
Oraingoz, baikortasunerako zantzurik ez dagoela ziurtatu du Euspelek, eta horregatik, urriaren 16rako Bilbon deituta duten manifestazioari eutsi egingo diote. Besteak beste, "azken hamarkadan galdutako erosahalmena berreskuratzea" eskatzen du sindikatu honek. Salatu duenez, eskumen gehien dituen erkidegoetako bat izan arren, "Euskadiko poliziak ditu ordainsaririk okerrenak".
Hitzarmena berritzeko Euspelek mahai gainean jarri duen proposamenean jasota dauden eskariak zein Ertzainak Gatazkan plataformak Segurtasun Sailari igorritakoak, denak betetzea eskatuko dute osteguneko hitzorduan.
Bestalde, batzarrera gehienez sindikatuko bi ordezkari joatea eskatu badu ere Jaurlaritzak, Euspelek ohartarazi du "beharrezkoak direnak" joango direla.
Joan zen ostiralean, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburua eta ErNE, ESAN eta SiPE Ertzaintzako sindikatuak hiru orduz baino gehiagoz egon ziren bilduta, azken hilabeteetan lehertu den barne gatazka bideratzeko helburuz.
Zentral sindikalek azaldu zutenez, Segurtasun Sailarekin "puntu komunak" ikusi zituzten Ertzaintzaren egungo egoeraren diagnosiaren inguruan, baina jarrerak "oso urrun" daude oraindik lan gatazkari dagokionez.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako