Santander banketxeak 2.852 milioi irabazi ditu martxora arte, % 11 gehiago eta zerga berezia gorabehera
Santander banketeak 2.852 milioi euro irabazi ditu 2024ko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino % 11 gehiago. Halaber, 335 milioi ordaindu ditu Espainiako Gobernuak banketxeen aparteko irabazien gaineko zerga berezia tarteko.
Emaitzokin, Ana Botinek zuzentzen duen finantza erakundea Espainiako sei banketxe handienen —BBVAk, CaixaBankek, Sabadellek, Bankinterrek, Unicaja Bancok eta Santanderrek berak osatzen dute taldea— buru jarri da irabaziei dagokienez. Izan ere, bigarrenak (BBVA) baino 200 milioi gehiago lortu ditu.
Banketxeak Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari igorritako oharraren arabera, "diru-sarreretan igoera nabarmena" eta "gastuak kontrolatzeko" modua izan dute. "Beste behin, urteko helburu guztiak betetzeko bidean goaz, tartean % 16ko errentagarritasuna", azpimarratu du Ana Botinek.
Diru-sarrerak % 18 igo dira, negozio unitate guztietan izandako hazkundeari esker. Gordailuak eta inbertsio funtsak % 5 hazi dira, eta bereziki nabarmena izan da epekako gordailuen gorakada (% 24), interes tasa altuen eraginez. Bezero kopuruan ere gora egin du erakundeak (bost milioi gehiago).
Maiatzean 9,50 zentimoko dibidendua ordainduko du akzio bakoitzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako