Irakasleen % 75ek egin dute greba, sindikatuen esanetan; % 48k, Hezkuntza Sailaren arabera
EAEko irakaskuntza publikoko irakasleen hiru laurdenek egin dute bat LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOk deitutako grebarekin, sindikatuok emandako datuen arabera. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, bere aldetik, portzentaje apalagoa aipatu du, % 48koa. Dena dela, kalkulua ikastetxeen % 82k emandako datuekin egin dutela zehaztu du Begoña Pedrosak zuzentzen duen Sailak.
12 lanuzte deitu dituzte unibertsitatez kanpoko hezkuntza-zentroetan, eta gaurkoa da lehendabizikoa. Asteazken honetan ez ezik, bihar eta otsailaren 26an eta 27an ere mobilizatuko dira. Orotara, 27.000 irakasle daude gaurko grebara deituta. Haurreskolen Partzuergoko langileen grebak urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dira; eta sukaldeko eta garbiketako langileenak, urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an.
Ohar bidez, sindikatu deitzaileek jakinarazi dute grebaren jarraipena "zabala" izan dela, Sailak "greba desitxuratzeko saiakera" egin eta "gehiegizko zerbitzu minimoak" ezarri baditu ere. Emandako datuen arabera, hiru hiriburuetako hainbat eskolatan eta institututan ia erabatekoa izan da jarraipena, eta % 100eko jarraipena izan den ikastetxerik ere badago: Bilboko Atxuriko eskolan, Donostiako Amara Berriko Urbietan eta Gasteizko Salburua HLHH ikastetxean, besteak beste.
Manifestazio jendetsua Bilbon
Eguerdi aldera, milaka langile atera dira Bilboko kaleetara, eta manifestazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Arriaga antzokiraino.
Grebaren arrakasta ikusita, sindikatuen "aldarrikapenei erantzuteko" deia egin dio Haizea Arbide Steilasen ordezkariak Jaurlaritzari. Orain arte, salatu duenez, jaso duten "erantzun bakarra izan da ez zegoela publikoarentzat dirurik, nahiz eta sare pribatuari eman egiten dioten".
Aritz Villar (LAB) ere oso kritiko azaldu da Jaurlaritzarekin, eta "erabakiak alde bakarrez, sindikatuekin adostu gabe" hartzea egotzi dio. "Negoziazio mahaiak zabalik edukitzeak ez du esan nahi benetan negoziatzen ari garenik", ohartarazi du, Pedrosak elkarrizketarako adierazi duen borondatea dela eta.
Miren Zubizarreta ELAren ordezkariaren esanetan, "irakasleek oso mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailaren ordezkariei: edukiz hustutako negoziazio mahaiak alde batera utzi, eta aldarrikapenei erantzuteko garaia da".
Azkenik, Sonia Aldavek (CCOO Irakaskuntza) azpimarratu duenez, Hezkuntza Sailak egindako azken proposamena "ez da nahikoa".
Ostegunerako manifestazio bana dago deituta EAEko hiru hiriburuetan. Martxak 11:30ean abiatuko dira Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzatik, Donostiako Boulevardetik eta Gasteizko Bilbo plazatik.
Aldarrikapenak
Mobilizazioen bidez, besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurrien beharra aldarrikatzen dute. Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu behar duela uste dute, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta "eskola publikoa erdigunean kokatzeko".
Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, Haurreskolen Partzuergoko eta sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak, 2010koak.
Kolektiboei egokitutako aldarrikapen zehatzak dituzte, baina zazpi eskaera komun adostu dituzte, hala nola "gero eta handiagoak diren lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, plantillak gaztetzeko egitasmoa aurrera eramatea erretiroa aurreratzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa egonkortzeko eta bermatzeko zentro publikoen fusioen eta itxieren aurrean".
Era berean, hezkuntza politikak martxan jartzea eskatzen dute, "hezkuntza-sistema publiko osoa euskalduntzeko, beharginen lan-osasuna zaindu eta bermatuko duten azterlan eta neurri adostuak ezartzeko eta berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzeko".
Eusko Jaurlaritza
Elkarrizketarako deia egin du, gaur ere, Eusko Jaurlaritzak. Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak berretsi du bere Saila "elkarrizketak izateko prest" dagoela. Hezkuntza-sistema "onena" lortzeko lanean ari direla esan ondoren, mahai gainean "proposamenak" badaudela azpimarratu du.
Alde guztien ahotsak "entzutea" beharrezkoa dela ere esan du Pedrosak, eta sindikatuek euren "aldarriak" gizarteratzeko eskubidea dutela gaineratu. Nolanahi ere, negoziazio betean sindikatuek lanuzteak deitzeari ez dio egokia irizten.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.
Tubos Reunidosek 88,19 milioi euroko galera ekonomikoa izan du 2026ko lehen seihilekoan
Konpainiak nazioarteko arantzelek eragindako beherakadari eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan zehar lantegietan izandako mobilizazioei egotzi die emaitza negatibo hori.
Etxebizitza-salerosketen kopurua % 8,2 igo da Nafarroan, eta % 13,6 jaitsi da EAEn, maiatzean
Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren arabera, etxebizitzaren prezioa % 13,5 garestitu da Nafarroan eta EAEn, berriz, egonkor mantendu da.
BBVAk 6.051 milioi irabazi ditu ekainera arte, iaz baino % 11 gehiago, diru-sarrera errepikariek eta kredituen igoerak bultzatuta
Erakundeak akzioak berrerosteko ezohiko programa berri bat iragarri du, 2.000 milioi eurokoa. Lehenengo tartea, 1.000 milioikoa, abuztuaren 5ean hasiko da.
Urte arteko KPIa % 3,5eraino igo da uztailean Espainian, erregaien eta argindarraren igoeragatik
Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat igo da uztailean, % 3raino.