Calahorrako langile bat hil da Andosillan gertatutako lan-istripu batean
Calahorrako (Errioxa) 50 urteko gizonezko bat hil da gaur, Andosillako elikagaigintza-enpresa batean lanean ari zenean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
SOS Nafarroak 11:47an jaso du gertakariaren abisua, eta Lodosako suhiltzaileak, Andosillako medikuak, anbulantzia, helikopteroa, udaltzainak eta foruzainak bertaratu dira.
NA-8715 errepidearen alboan dagoen elikagaigintzako lantegi batean izan da ezbeharra, Andosillan. Karga bat erori egin da, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, eta langilea jo, eta bertan hil du.
Larrialdi-zerbitzuek gizona hil egin dela baieztatu besterik ezin izan dute egin.
Hildakoaren gorpua auzitegi-medikuarenera eramango dute, autopsia egin diezaion. Lizarrako foruzainek ikertuko dituzte gertakariaren nondik norakoak.