Uztailaren 4ra arte luzatu dute errenta aitorpena aurkezteko epea Araban
Arabako Aldundiak uztailaren 4ra arte luzatu du errenta aitorpena aurkezteko epea, Gasteizeko, Laudioko eta Guardiako ogasun bulegoetan aitorpena aurrez aurre egiteko jasotzen ari diren eskari kopurua dela eta.
Foru erakundeak ohar bidez azaldu duenez, bi dira epea luzatzeko arrazoiak: batetik, iaz baino hitzordu gehiago eskatu direla apirilaren 7an epea zabaldu zenetik, eta bestetik, iazko kanpainan baino aitorpen gehiago egotea espero dutela. Aurreikuspenen arabera, baliteke aurten 194.460 aitorpen jasotzea, aurreko ekitaldian baino 5.400 gehiago.
Epea luzatzeak zergadunei eta erakunde laguntzaileei eragiten die, eta Rentaraba eta Rentared modalitateen bidez aurkeztutako aitorpenetan aplikatuko da. Halaber, ondarearen gaineko zein fortuna handien gaineko zergei ere eragingo die.
Ekainaren 9a da hitzordua eskatzeko azken eguna.