Pentsiodunen mugimendua uztailaren 17an bilduko da lehendakariarekin, pentsioak gutxieneko soldatarekin berdintzea eskatzeko
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko horretara iristeko osagarriak ezartzea eskatzen duen herri-ekimen legegilea erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean. Imanol Pradalesekin izango duten bileran legea izapidetzeko Eusko Jaurlaritza prest egon dadila eskatuko diote.
Maiatzean errejistratu zuen herri-ekimen legegilea pentsionisten mugimenduak. Argazkia: EITB.
Imanol Pradales lehendakariak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkariak hartuko ditu uztailaren 17an. Gutxieneko pentsioak lanbidearteko gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzen duen herri-ekimen legegilea babes dezala eskatuko diote.
Pentsiodunen plataformak udako geldialdiaren aurreko azken elkarretaratzea egin du astelehen honetan Gasteizko Plaza Berrian. Udako sasoiaren ondoren, irailean berrekingo diete protestei.
Elkarretaratzea hasitakoan, Imanol Pradalesekin bilduko direla iragarri dute. Azaldu dute bilera horretan herri-ekimenaren edukia azalduko diotela eta Eusko Jaurlaritzak legea Legebiltzarrean izapidetzearen aldeko jarrera agertzea eskatuko diotela.
Joan den maiatzaren 15ean erregistratu zuten Eusko Legebiltzarrean herri-ekimen legegilea eta hura babesten duten 145.142 sinadurak. Hala ere, sinaduren bilketa ez da amaitu, eta astelehenean egindako bilkuran ere jarri dute mahaia, horren aldeko sinadurak jasotzeko.
Prestazioak gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema sortzea eskatzen du ekimenak. Proposamenaren helburua da Euskadin bizi diren eta erroldatuta dauden 60 urtetik gorako pentsiodun guztiek gutxieneko diru-sarrerak izan ditzatela, lanbidearteko gutxieneko soldataren parera iritsi arte. Aurten 1.184 euro gordin dira, 14 ordainsaritan banatuta.
Euskal sindikatu gehienek ere (ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru) babesten dute pentsiodunen mugimenduaren ekimena.
Zure interesekoa izan daiteke
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako