Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena ukatu die Balmasedako El Haya 1 eta 2 parke eolikoei
Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena ukatu die beste bi parke eolikori, berriro ere, hegazti bat, sai zuria arriskuan jarriko luketelako. Balmasedako (Bizkaia) El Haya 1 eta 2 parke eolikoak izan dira oraingoan kontrako ebazpena jaso dutenak, txostenaren arabera, eremua sai zuriaren babestokia delako.
Balmasedan, Kolitza inguruan, lau aerosorgailu ezarri nahi ditu Side Recovery Systems konpainiak El Haya 1 eta 2, baina proiektuei ingurumen baimena ukatzeko arrazoia izan da hegaztia, txostenaren arabera, inguru hori sai zuriaren babestokia delako.
Balmasedako Udalak positiboki jaso du ebazpena; 33 alegazio aurkeztu zituzten.
Proiektuaren helburua bi parke eoliko abian jartzea da, El Haya 1 eta El Haya 2 parke eolikoak, guztira 14,6 megawatteko potentziarekin, eta horiei lotutako azpiegiturak, guztiak Balmasedako udalerrian.
El Haya 1 parke eolikoak 4,35 megawatteko potentziako bi airesorgailu ditu, eta El Haya 2k, berriz, 2,95 megawatteko potentziako beste bi errota. Aerosorgailuak Balmasedako mendebaldean kokatuko lirateke, Burgosko probintziaren mugan.
Iaz, dagoeneko, zona horretatik oso hurbil Blackstonek eraiki nahi zuen sei aerosorgailuko parkeak ezezkoa jaso zuen sai zurien presentziagatik, eta Statkraft enpresaren Itsaraz eta Piaspe proiektuek urtarrilean eta aste honetan bertan jasotako kontrako txostenek ere, sai zuriaren babesa zuten arrazoien artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako