Maderas de Llodio enpresak bere 151 langileetatik 39 kaleratu nahi ditu
Enpresa batzordeak —LABk hiru ordezkari ditu eta ELAk, CC.00.k eta UGTk, bina— "kaleratze kolektiboa bertan behera" uzteko eskatu dio zuzendaritzari. Datorren asterako mobilizazioak deitu dituzte.
Maderas de Llodio enpresaren kanpoaldea. Argazkia: EITB Media
Laudioko Maderas de Llodio enpresak (Garnica multinazionala da jabea) bere 151 langiletatik 39 kaleratu nahi ditu. Hala dago jasota zuzendaritzak aurkeztu duen Lan-erregulazioko espedientean (LEE), enpresa batzordeak ohar bidez jakinarazi duenez.
Idatzian, sindikatuek azaldu dute, LEEa aurkeztu zutenetik, gaur lehendabiziko bilera izan dutela zuzendaritzarekin, eta kaleratze kolektiboa bertan behera uzteko eskatu diotela.
David Iglesias LABeko kideak eta enpresa batzordeko idazkariak iragarri duenez, enpresak atzera egin ezean, datorren asterako bi greba egun (16an eta 18an) deituko dituzte. Halaber, ez du baztertu mobilizazio gehiago egitea. "Maderas de LLodion ez dago inor soberan", esan du.
30 eguneko epea zabaldu da orain, langileek helegitea aurkeztu edo kaleratze kolektiboaren baldintzak negoziatzen hasteko. Oraingoz, sindikatuek ez dute horretarako asmorik agertu.
"Ez dugu onartuko kaleratze bakar bat ere, ezta gure lan-baldintzak okertzea ere", erantsi du.