Zer gertatuko da orain Talgorekin, Jose Antonio Jainaga ikertu ondoren?
Talgoren etorkizuna kolokan da berriro, Jose Antonio Jainagaren aurka abiatutako ikerketa judizialaren berri izan ondoren. Auzitegi Nazionalak Israelen armamentua fabrikatzen duen enpresa bati ustez altzairua saldu izana ikertu du, eta horrek zalantza sortu du funtsezko prozesu batean: euskal erakunde publiko eta pribatu batzuek tren-konpainiaren ia % 30 erosteko aukera.
Operazioa aste honetan bertan zehaztu behar da. 155 milioi eurotan baloratu da, eta 150 milioiko finantzaketa dauka. Inbertsioaren banaketan, Sidenorrek 45 milioi jarriko zituen, eta gainerakoa, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Kutxabankek, BBK eta Vital fundazioek, foru aldundiek eta Mondragon Korporazioak ordainduko zuten.
Lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxeak Radio Euskadin adierazi zuenez, "Talgo eskuratzeko prozesuak aurrera jarraitzen du". Bestalde, Aitor Esteban EAJren presidenteak eskatu du "epaiketa egin baino lehen, enpresaburua ez kriminalizatzeko".
Hainbat iturriren arabera, Espainiako Gobernuak zalantzak agertu ditu operazioan parte hartzean jarraitzeko. Ministroen Kontseiluak 75 milioi euroko inbertsioa onartu zuen, SEPIren bitartez, baina ekarpen hori kolokan dago orain.
Pentsatzekoa da inplikatutako eragileek hurrengo egunetan adieraziko dutela konpromisoari eusten doiten edo ikerketa judizialak Talgon sartzea birplanteatzera behartzen dituen.
Zure interesekoa izan daiteke
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako