EBk % 73 murriztu du berdelaren kuota 2026ko lehen sei hilabeteetarako
Antxoari dagokionez, albiste onak euskal arrantzaleentzat, gehieneko muga baimendu baita (29.700 tonako harrapaketak). Onartutako kuotak ekainera arte egongo dira indarrean, negoziazio berrien zain.
Berdela, garraiatzeko prest. Artxiboko argazkia: Europa Press
Europar Batasunak (EB) behin-behineko akordioa onartu du 2026rako arrantza-kuotak zehazteko. Horren arabera, % 73 murriztuko da berdelaren kuota lehen seihilekoan.
Antxoari dagokionez, albiste onak euskal arrantzaleentzat, gehieneko muga baimendu baita: guztira 29.700 tona harrapatzeko aukera izango dute. Gainera, hegalaburraren zein hegaluzearen kuota % 17 handituko da. Legatzak aurtengo kuota bera izaten jarraituko du (17.445 tona), eta horrek nolabaiteko egonkortasuna emango die arrantzaleei.
Era berean, bakailao kuotaren murrizketa espero zena baino txikiagoa izan da azkenean, % 13 murriztu baitute, hasieran % 28 murriztea proposatu zuten arren.
Erabakiak hainbat herrialde kideri eragingo die, eta Amaia Barredo Nekazaritza eta Arrantza sailburuak kezkaz hartu du; izan ere, aldez aurretik esana zuen murrizketak arriskuan jar zezakeela arrantza-ontzidiaren bideragarritasuna.
Mediterraneoaren kasuan ere negoziazioak oso zailak izan dira. Luis Planas Espainiako Nekazaritza eta Arrantza ministroak esan du arrantzaleek 143 egunetan arrantzatu ahal izango dutela 2026an. Hasieran, ordea, 2026an 9,7 egunetan lan egin ahal izatea nahi zuen Europako Batzordeak, 2025ean izan dituzten 27 lanegunak % 65 murriztuta.
Onartutako kuotak ekainera arte egongo dira indarrean, Norvegia, Islandia, Erresuma Batua eta Faroeekin berriro negoziatzeko zain. Bitartean, arrantza sektorea aldaketa horietara egokitzeko prestatzen ari da. Datozen hilabeteetan negoziatzen jarraituko dute.