Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du Lapurdira igaro nahi duten 7,5 tona baino gehiagoko kamioiei ezarritako debekua
Biriatuko muga zabal dute ibilgailu guztientzat, Ipar Euskal Herriko laborariek A-63 autobidea blokeatzeari utzi ostean.
Ilara luzeak, Biriatuko ordainlekuan. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du Lapurdira igaro nahi duten ibilgailu astunei (7.500 kilotik gorako kamioiak) zirkulatzeko ezarritako debekua. Pasa den ostiralean sartu zen indarrean debekua, Ipar Euskal Herriko laborariek A-63 autobidea blokeatu ondoren AP-8ko Biriatuko ordainlekuan sortutako ilara luzeen ondorioz.
Lau eguneko blokeoaren ondoren, ordea, A-63 errepidea berriro ireki dute, Baiona parean, eta, ondorioz, Biriatuko ordainlekua ibilgailu guztientzat zabalik geratu da.
Hori dela eta, ehunka ibilgailu astun errepidera atera dira Baionarako noranzkoan, eta auto-ilara luzeak sortu dira, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela