Getariako Txakolinak uzta berriaren 3,3 milioi botila merkaturatuko ditu
Jatorri Deituraren arabera, 2025eko uzta "kalitate onekoa" da, eta, kantitatez, 2024koaren "parekoa ia". 31 upategi daude deituraren baitan, eta guztira 479 hektarea dituzte landatuta, aurreko urtean baino 21 gehiago.
Getariako Txakolina Jatorrizko Deiturak uzta berriaren 3,3 milioi botila merkaturatuko ditu aurten. San Anton egunean Txakolin Eguna ospatzen da Getarian, eta, urtero bezala, uzta berria aurkezteko baliatu dute festa. 2025eko uzta "kalitate onekoa" izan da, eta kantitatez, 2024koaren "parekoa ia". 2,5 milioi litro dira, 3,3 milioi botilatan ontziratuak. Ekoizpena antzekoa izan arren, hektarea gehiago batu ziren iaz: 479 dira, 2024an baino 21 gehiago.
Balenciaga Museoan egin dute uzta berriaren aurkezpena, erakundeetako ordezkariak, euskal gastronomiaren ordezkariak eta upategietako kideak bertan zirela, Jatorri Deiturak ohar bidez jakinarazi duenez.
Itziar Eizagirre Jatorrizko Deiturako presidenteak azaldu duenez, 2025eko txakolinak 11 gradu ditu, "fruta-gustua, eta garraztasun puntu egonkorra du".
Uzta, zenbakitan
2,5 milioi litro ekoitzi dituzte, eta 3,3 milioi botila merkaturatuko dira. Gehiena (% 90) txakolin zuria da; % 9 eta % 10 artean, gorria, eta % 1, beltza. Apardunei dagokienez, urtero 30.000 litro inguru ekoizten dira, upategien beharren arabera.
Ekitaldian, 2026ko Mahasti Jaun sariak banatu dituzte. Cebanc eta Karlos Arguiñanoren Aiala sukaldaritza eskolek jaso dituzte aurten aipamenok.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela