Makinistek greba abiatu dute, tren zerbitzuaren krisiaren ostean
Jaurlaritzak % 50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu puntako orduetan, eta % 25ekoak gainerako orduetan, Bilboko eta Donostiako aldirietako bost lineetan, trenbide sektoreko sindikatuek otsailaren 9an, 10ean eta 11n deitutako hiru greba egunetarako.
Renferen tren bat, geltoki batera iristen. Argazkia: EFE
Trenbide sektoreko sindikatu nagusiek (CCOO, UGT eta Semaf) hiru eguneko greba abiatu dute, otsailaren 9tik 11ra luzatuko dena, Oscar Puente Espainiako Garraio ministroarekin egindako azken bilera akordiorik gabe amaitu ostean.
Hiru sindikatuen bozeramaileek adierazi dute ez dutela akordiorik lortu aldarrikatzen ari diren neurrien gainean, ez aurrekontuei ez segurtasunari dagokienez, baina onartu dute zenbait aldaketa puntual aplikatzen ari direla.
"Garraio Ministerioak negoziazio-mahaian jarraituko du, beti, eta lanean jarraituko dugu, langileen ordezkariekin batera, akordioa lortzeko", esan dute Espainiako Gobernuaren iturriek.
Sindikatuek trenbide-eredua aldatzeko eta segurtasun estandarrak berreskuratzeko eskatu dute, 47 hildako eragin dituzten azken tren-istripuen ostean eta Andaluziarako abiadura handiko trenaren etenaldiaren eta Katalunian hainbat egunez Rodalies (aldirikoak) zerbitzua geldiarazita egon ostean.
Adifi eta Renferi ez ezik, bidaiarien eta merkantzien garraio zerbitzu pribatuei ere eragingo die grebak, hala nola Iryo eta Ouigo operadore pribatuei, eta salgaien garraiok zein zerbitzu logistikoetako enpresei (Medway, Captrain, Transervi, Redalsa, Tracción Rail, Logirail, etab.).
Trenak
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte datorren asteko trenbideen sektoreko grebari begira
Trenbideko sindikatu nagusiek (CCOO, UGT eta makinisten Semaf) datorren asterako deitutako grebari eutsiko diote, otsailaren 9tik 11ra.
Jaurlaritzak % 50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu puntako orduetan, eta % 25ekoak gainerako orduetan Bilboko eta Donostiako aldirietako bost lineetan, trenbide-sektoreko sindikatuek otsailaren 9, 10 eta 11n deitutako hiru greba egunetarako.
Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan (Katalunian izan ezik) Garraio Ministerioak ezarri ditu gutxieneko zerbitzuak, eta Hego Euskal Herritik irteten eta iristen diren distantzia ertain eta luzeko trenei eragiten diete.
Ministerioak % 73ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu abiadura handikoetan eta distantzia luzekoetan, % 75ekoa puntako orduetan eta % 50ekoa gainerakoetan, % 65ekoa distantzia ertainekoetan eta % 21ekoa merkantziak garraiatzen dituztenetan.