Volkswagenen lege urraketen aurrean "isilik" egotea egotzi dio ELAk Nafarroako Gobernuari
Sindikatuaren arabera, Lan Ikuskaritzak "iruzurrez" egindako aldi baterako 146 kontratu atzeman zituen Nafarroako Volkswagenen eta 93 kontratu mugagabe egitera behartu zuen enpresa. ELAk salatu du enpresak oraindik ez duela agindua bete.
ELAren ordezkariak, gaur, Iruñean. Argazkia: ELA
ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuaren "isiltasuna eta jardun eza" salatu ditu, foru erkidegoko Volkswagen enpresak egindako lege urraketen aurrean.
Goizean Iruñean egindako agerraldian, Imanol Pascualek eta Unai Martinezek, ELAren Nafarroako Koordinatzaileak eta Industria eta Eraikuntza Federazioren idazkari nagusiak, hurrenez hurren, Foru Gobernuari exijitu diote "esku har dezala, VWk legea bete dezan".
Sindikatuaren arabera, Nafarroako Lan Arloko Epaitegiak eta Lan Ikuskaritzak egiaztatu dute Volkswagenen "aldi baterako langileen kontratazioa eta helburu eta errendimenduaren araberako ordainsariak iruzurrez egiten direla eta diskriminatzaileak direla".
Azaldu dutenez, ELAk jarritako salaketaren ondoren, Lan Ikuskaritzak "iruzurrez egindako aldi baterako 146 kontratu atzeman zituen, eta enpresa 93 kontratu mugagabe egitera behartu" zuen, baina oraindik ez du agindua bete.
Halaber, ELAk jarritako beste eskari baten ondoren —LABek eta CGTk bat egin zuten—, Lan Arloko Epaitegiak ebatzi du "ordainsari aldakorren ordainketak baja medikoan dauden pertsonak diskriminatzen dituela".
Zentzu horretan, "bereziki salagarria" iritzi diote "UGT eta CCOOen jarrera epaiketan". "Izan ere, demanda bertan behera uzteko eskatu zioten epaileari. Jarrera hori are deigarriagoa da kontuan hartzen bada Martorellgo Seat lantegian ordainsari hori presentismoarekin lotzearen aurka irmoki agertu direla, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza hausten duelako”, erantsi dute.
ELAren hitzetan, "Nafarroako VWk, UGTk eta CCOOk langileei xantaia egitea eta mehatxatzea erabaki dute, egoeraren erantzule gisa ELA, LAB eta CGT seinalatuz". Zuzendaritzaren "interesei soilik erantzuten dien kontratazio-sistema ilegal bat" adostea egotzi die UGT eta CC OO zentralei.
163 milioi euroko irabaziak
Egoera horren aurrean, Foru Gobernuari eskatu diote legea betearazteko neurriak har ditzala. "VW legea betetzera behartu behar du, kostu horiek langileei leporatu gabe, mehatxurik eta kaleratzerik gabe. Are gehiago, kontuan hartzen bada Nafarroako VWk 163,1 milioi euroko irabaziak izan zituela 2023 eta 2024an".
Horrez gain, gogorarazi dute 2017tik 6,6 milioi euro publiko baino gehiago jaso dituela konpainiak gazteak kontratatzea sustatzeko.
"ELAren zerbitzu juridikoek lortutako ebazpenak kolpe gogorra dira VWek, UGTk eta CCOO sindikatuek osatzen duten sarearentzat", amaitu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela