Confebask ez da joango ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa negoziatzeko biharko deitutako bilerara
Patronalak argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela afera hori negoziatzea "legez kanpokoa" zela. Batzarra bihar, M17ko greba orokorra egin zenetik astebetera, egin asmo zuten bi sindikatu abertzaleek. Hain justu, Confebasken ezezkoa "probokaziotzat" jo dute biek ala biek, eta Jaurlaritzari "ekidistantziak bilatzeari" uzteko eskatu diote. Azken horrek elkarrizketarako deia egin die bi aldeei.
Confebaskek uko egin dio, beste behin, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko soldata propioa ezartzeko negoziazioari.
ELAk eta LABek auzia aztertzeko bilera deitu zuten biharko Lan Harremanen Kontseiluan, baina EAEko patronalak ohar bidez jakinarazi du ez dela bilerara joango. Hain justu, astea beteko da asteartean Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko greba orokorra egin zela, eta lanuzteak izandako "arrakasta" baliatu nahi izan dute sindikatuok hitzordua egiteko.
Confebaskek, baina, lehengo lepotik du burua. Oharrean azaldu duenez, "harrigarria" egin zaio bi sindikatuek beste deialdi bat egin izana, eta erantsi du auzia mahai gainean izan dutela "hainbat aldiz" —hiru aldiz bildu ziren iaz—. EAEko patronalak beti argudiatu du Espainiako Estatuari dagokiola gutxieneko soldata sindikatuekin negoziatzea, eta beraz, berak halakorik egitea "juridikoki ezinezkoa" dela.
Are, gogorarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman ziola, eta hura negoziatzea "legez kanpokoa" litzatekeela.
Gainera, adierazi du ELAk eta LABek epaia errekurritu dutela Auzitegi Gorenean, eta kasazio helegite hori ebazteko zain dagoela. Confebasken esanetan, "egoera horrek eskatzen du negoziaziorik ez egotea".
ELAren eta LABen erantzuna
Ezezkoaren ondotik, ia berehala heldu da bi sindikatuen erantzuna. Ohar bateratu batean, bi sindikatuek salatu dute patronalak bere "izaera autoritarioa eta probokatzailea" berretsi duela, eta "entzungor" egin diola martxoaren 17an milaka langilek aldarrikatutakoari. "Confebaskek argi erakutsi du beste behin langileak esplotatzea beste negozio eredurik ez duela ezagutzen", kritikatu dute.
ELAren eta LABen ustez, patronalaren ezezkoak "zuzenean interpelatu" ditu Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE. "Munduan zehar patronalak gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten dionean instituzioek lege-ekimenekin erantzuten dute. Confebasken ezezkoaren ondoren legezko eskumena aldarrikatzeko momentua iritsi zaie EAJ eta PSE-EEri. Hori da, hain zuzen, milaka eta milaka langilek martxoaren 17an eskatutakoa", argudiatu dute. Sindikatuek nabarmendu dutenez, Jaurlaritzak Confebaski "aurre egin" behar dio, "eragile sozialen arteko ekidistantziak bilatzeari" utzita.
Azkenik, sindikatuon arabera, "greba orokorraren ondoren sindikatuek interlokuzio fase berri bat ireki dute. Interlokuzio eta negoziazio fase honek akordiorik gabe bukatuko balu berriro ere mobilizazioekin hasteko garaia iritsiko da. Gutxieneko soldataren aldarria geratzeko etorri da eta lortu bitartean ekimen sindikalak ez dira geldituko".
Elkarrizketan "ahal beste saiatzeko" eskatu die Jaurlaritzak patronalari eta sindikatuei
Erreskadan etorri da Jaurlaritzaren erreakzioa ere. Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak elkarrizketarako deia egin du, eta horretan "hala beste saiatzeko" eskatu die bi aldeei.
Torresen ustez, Confebaskek eta sindikatuek bide horretatik jarraitu behar dute, "bereizten dituzten desberdintasun legitimoetatik" abiatuta, euskal lan merkatuak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko eta, horrela, enpresa lehiakorrak lortzeko, lan baldintza onak dituzten enpleguak sortuko dituztenak.
Jaurlaritzak ohartarazi duenez, "akatsa" da elkarrizketa sozialik ez egitea eta lan gatazkak judizializatzea. “Negoziazio kolektiboko arazoak, horien artean Euskadiko egoera soziolaboralarekin bat datozen soldatak lortzea, ez dira epaitegietara eraman behar, ezta aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak dituzten lege erreformetara ere, elkarrizketa sozialaren mahaira baizik”, nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Brenta % 13 jaitsi da kolpetik Trumpek Irango erasoak etengo dituela iragartzearekin bat, nahiz eta 100 dolar ingurura itzuli den gero
Trumpen iragarpenak isla izan du Ibex 35ean ere, saio erdian buelta eman eta % 1,08 igo da, 16.893,9 punturaino.
Osasun Ministerioak apirilaren 9rako deitu ditu autonomia erkidegoak medikuen grebaz hitz egiteko
Ostiral honetan ohiko osoko bilkura egingo dute pazienteen eta Osasun Sistema Nazionalaren kudeaketa publikoaren lege aurreproiektuen berri emateko.
Lanbidek aurreikusten du martxoa enplegu-datu positiboekin amaituko dela: "Oraindik ez dira nabaritzen krisi geopolitikoaren ondorioak"
Francisco Pedraza Lanbideren zuzendari nagusiak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, adierazi du "zalantza asko" daudela "epe ertainera begira".
Erregaiaren prezioek behera, astelehenari ekiteko, krisiaren aurkako neurriak igandean indarrean sartu ostean
Zerbitzugunearen arabera, erregaien prezioak litroko 15-20 zentimo jaitsi dira. Neurriak jada indarrean dauden arren, Diputatuen Kongresuak onartu beharko ditu; datorren ostegunean, martxoaren 26an, bozkatuko dituzte neurriak.
Tubos Reunidoseko langileek elkarretaratzea egin dute San Mameseko zabalgunean, Bilbon
Athletic-Betis partidaren atarian lan-erregulazioaren eta altzairutegia ixtearen kontrako jarrera azaldu dute. Gainera hitzartutako kaleratzeei atxikimendua emateko prozesua kritikatu dute, eta dudan jartzen dute benetan 301 langilek izena eman duten.
LABek "ez du derrigorrezko kaleratzerik onartuko" Tubos Reunidosen
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez dutela enpresaren "xantaia" onartzen, eta erantsi du ez dutela onetsiko 300 langile kaleratu behar izatea enpresaren bideragarritasunaz negoziatzen hasteko.
Indarrean dira Irango gerrak sortutako krisiaren aurka Espainiako Gobernuak hartutako neurriak
Elektrizitatea eta erregaiak merkeagoak dira, besteak beste, BEZa % 21etik % 10era jaitsi delako.
Aldizkari ofizialak argitaratu ditu jada Espainiako Gobernuaren krisiaren aurkako neurriak, eta bihar jarriko dira indarrean
Elektrizitatearen BEZa % 21etik % 10era jaitsiko da, gasolinaren, gasolioaren eta beste hidrokarburo batzuena bezalaxe.
Tubos Reunidoseko langileek trafiko arazoak eragin dituzte Bilbon, Sabino Arana etorbidea moztuta
Tubos Reunidoseko langileek Sabino Arana etorbidea moztu dute. Argazkia: EITB Media