MEDIKUEN GREBA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Medikuen sindikatuek bitartekotzari uko egin diote eta Osasun Ministerioarekin zuten bilera bertan behera gelditu da

Joan den martxoaren 27an, sindikatuei Pazienteen Erakundeen Plataformaren bitartekaritza proposatzea erabaki zuten Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluan. Sindikatuak ez daude ados, plataforma “ez delako neutrala, ezta lan kontuetan aditua ere”. Bi aldeek bilera gehiago egingo dituztela adostu dute, baina, bien bitartean, apirilaren 27ko asterako aurreikusitako grebari eusten diote medikuek.

SAN SEBASTIÁN, 17/03/2026.- Médicos se han manifestado este martes frente al Hospital Donostia durante la huelga general convocada por ELA, LAB y otros sindicatos vascos, en demanda de un salario mínimo interprofesional (SMI) propio. EFE/ Javier Etxezarreta
Osakidetzako profesionalen manifestazioa. Argazkia: EFE.

Medikuen sindikatuek errefusatu egin dute Gaixoen Erakundeen Plataformaren (POP) bitartekaritza estatutu markoaren aurkako grebarekin amaitzeko negoziazioetan. Ondorioz, Osasun Ministerioak greba-batzordearekin asteazken honetarako deitutako bilera bertan behera gelditu da.

Ministerioak beste bilera bat deituko du datorren astelehenerako, Monica Garcia Osasun ministroak X sare sozialean azaldu duenez.

Sindikatuek prentsa-ohar batean iragarri dutenez, bi aldeek bilera gehiago egiteko konpromezua hartu dute. Medikuen Espainiako Sindikatuen Konfederazioak (CESM), Andaluziako Medikuen Sindikatuak (SMA), Metges de Catalunyak (MC), Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen Elkarteak (AMYTS), Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) eta Galiziako Mediku Independenteen Sindikatuak (O 'MEGA) osatutako greba batzordeak POP plataformaren bitartekaritzaren aurkako jarrera berretsi du. Alderdi kaltetua den aldetik, ez dela neutrala azpimarratu du. Horrez gainera, lan-gaietan aditua ere ez dela adierazi du eta negoziazioaren gakoa hortan datzala.

Joan zen martxoaren 27an, Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluan, sindikatuei POParen bitartekaritza proposatzea erabaki zuten Ministerioak eta autonomia-erkidegoek; hain zuzen ere,  hainbat gobernu autonomikoren aburuz, pazienteak direlako gatazka horretan kaltetu nagusiak.

Gaurko bilera eten ondoren, POP plataformak greba-batzordeari aurpegiratu dio publikoki zalantzan jarri izana "bertan egoteko gaitasuna, neutraltasuna eta legitimitatea". "Pazienteak gara osasun sistemaren izateko arrazoia" azpimarratu du, eta sindikatuek Aste Santua baino lehen jakin zutela bitartekaritzaren proposamena. Hedabideei igorritako oharrean gaineratu du "zuhur eta errespetuz jokatu" duela auzi honetan.

Eusko Jaurlaritzak bitartekaritzaren alde egiten jarraitzen du

Bertan behera gelditu den bileraren aurretik, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak (POP plataformaren parte-hartzea proposatu zuenetako bat) bitartekaritzaren aldeko apustua berretsi du Bilbon egindako ekitaldi batean. "Alde batetik, Ministerioak proposatutako bitartekaritza bat egon daiteke; eta bestetik, greba-batzordeak proposatutakoa", esan du Martinezek, eta "erantzukina" eskatu die bi aldeei, medikuen grebak jarrai ez dezan.

POP plataformaren bitartekotza-proposamena mahai gainean jarri zen Mediku Lanbidearen Foroarekin irekitako elkarrizketa-bideak fruiturik eman ez zuelako. Ministerioko iturrien arabera, "sindikatuek ez dute gatazka konponbidean jartzeko borondaterik erakutsi inoiz. Aitzitik, greba-batzordeak behin eta berriz baztertu ditu planteatutako elkarrizketa-bide guztiak, esparruko sindikatuak, Medikuntza Lanbidearen Foroa eta, orain, baita pazienteak ere ".

Sindikatuek euren komunikatuan azaldu dutenez , greba egutegiari eutsiko diote. Hurrengoa apirilaren 27ko asterako dago aurreikusita. Halaber, beren aldarrikapenei eusten diete: estatutu marko propioa, medikuekin zuzenean negoziatzeko mahaia, sisteman duten erantzukizuna islatuko duen lanbide-sailkapena, astean gehienez 35 orduko lanaldia, erretirorako baldintza berriak eta kontziliaziorako aukerak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X