EAEko ekonomia % 2,2 hazi da iazko martxotik aurtengora, zerbitzuek eta eraikuntzak bultzatuta
12.434 lanpostu sortu dira urtebetean Euskal Autonomia Erkidegoan. Enpleguaren urte arteko bilakaera positiboa izan da eraikuntzan (% 1,2) eta zerbitzuetan; aitzitik, % 0,2 egin du atzera industrian eta lehen sektorean.
EAEko ekonomia hazi egin da azken urtebetean, eraikuntzak eta zerbitzuek bultzatuta. Argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,2 hazi da 2026ko lehen hiruhilekoan, iazko epe bereko datuekin alderatuta, Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur plazaratu dituen datuen arabera. Zerbitzuen eta eraikuntzaren sektoreak izan dira hazkunde horren eragile nagusiak, industriak atzera egin baitu.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, ekonomiaren % 2,3 hazi da urtebetean Araban eta Bizkaian, EAEko batez bestekoaren gainetik, eta % 2, berriz, Gipuzkoan.
Hazkundea, sektorez sektore
Zerbitzuen sektorearen jarduera % 2,9 hazi da 2025eko hiruhileko beraren aldean, eta % 1,1 aurreko urteko azken hiruhilekoaren aldean.
Eraikuntzak % 2,5eko urte arteko hazkundea izan du.
Industriak % 0,3 egin du behera aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta eta % 1,1 azken hiruhilekotik.
12.434 lanpostu sortu dira urtebetean
Enpleguak, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, % 1,3 egin du gora, aurreko urtean baino 12.434 lanpostu gehiago zenbatu baitituzte. Azken hiruhilekoan, ostera, igoera % 0,2koa izan da.
Enpleguaren urte arteko bilakaera positiboa izan da eraikuntzan (% 1,2) eta zerbitzuetan (% 1,7); aitzitik, % 0,2 egin du atzera industrian eta lehen sektorean.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela