Dimako jatetxe bat erre da eta suteak kalte material ugari eragin ditu
Dimako (Bizkaia) Lamindao auzoko Axpe Goikoa jatetxea kiskali egin da arratsaldean piztu den sute baten ondorioz.
Sua tximinian piztu da eta garrak eraikinetik hedatu dira; ondorioz, suhiltzaileek jatetxea hustu behar izan dute.
Segurtasun Sailak eitb.com-i jakinaraz dionaren arabera, suhiltzaileek N-240 errepidetik jatetxera doan bidea itxi egin behar izan dute sutea itzaltzeko lanetarako.
16:30ean jaso dute suhiltzaileek abisua, eta bertara joan dira anbulantzia batekin batera. Sutea oso handia izan da eta une batean zazpi suhiltzaile kamioi ere egon dira sua itzaltzeko lanetan.
Jatetxeko teilatua erori egin da eta larrialdietarako zerbitzuek jatetxeko jabea artatu behar izan dute. 54 urteko gizonezkoak konortea galdu du suteak eraikinean eragin dituen kalteak ikusi eta gero.
Alboko etxeetan suak ez du kalterik egin, baina, jatetxean, kalte materialak handiak izan dira.
Zerbitzariek esan dutenez, sua tximinian piztu da eta segituan 2. solairura hedatu dira sugarrak.
Sutearen unean 200 lagun inguru zeuden bertan bazkaltzen; izan ere, hiru jaunartze ospatzen ari ziren.
19:00etan, sutea kontrolpean geratu da. Hala ere, suhiltzaileek bertan jarraitu dute gau osoan zehar.