Atxilotuta, istripua izan eta alkohol eta drogengatik positibo emanda
Gidabaimenik ez duen 22 urteko gizonezko frantses bat atxilotu du goizaldean Ertzaintzak Donostian, auto istripu bat izan ostean egin dizkioten alkohol eta droga probetan positibo eman baitu, Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez.
Goizeko seiak aldera izan da ezbeharra, GI-20 errepidean, Bilborako noranzkoan, Donostiako Intxaurrondo auzo inguruan. Frantziako matrikula zuen BMW auto bat galtzadatik atera da bertan.
Istripuaren ondorioz, kopilotua zauritu egin da, eta Donostia Ospitalera eraman behar izan dute. Gidaria, aldiz, atxilotu egin dute, gidabaimenik ez duela ikusteaz gain, alkohol eta droga probetan positibo eman baitu.
Iturri berberaren arabera, istripuak trafiko arazoak eragin ditu 07:50 arte, ordura arte autoa lekutik kentzen eta errepidea garbitzen jardun baitute.