Hiru ustezko jihadista atxilotu dituzte Madrilen
Hiru ustezko jihadista atxilotu ditu, bart, Polizia Nazionalak, Madrilen. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakitera eman duenez, preso hartu dutenetako bat "DAESH talde terroristako kidea" da eta "oso erradikalizatuta" dago. Terrorismo jihadistarekin lotutako "material ugari" eta "dokumentu oso espezifikoak" atzeman dizkiote azken horri, antza. Beste bi atxilotuei buruz, berriz, "integrazio prozesua hastear" zeudela esan du Poliziak.
Atzemandako materialaren artean, batzuk "oso esanguratsuak" direla esan du Barne Ministerioak. "Terrorista suizida izateko eskuliburua" edo "jihad elektronikorako eskuliburua" nabarmendu dituzte ikerketako arduradunek, besteak beste.
Madrilgo Divino Valles kaleko etxebizitza batean izan dira atxiloketak. Taldeko ustezko burua 32 urteko gizonezko marokoarra da. DAESH talde terroristako kide izatea egotzita atxilotu dute.
"Taldeko buruaren profila oso arriskutsua da; Erresuma Batuan edota Frantzian orain gutxi izan diren atentatuekin lotuta atxilotu dituzten terroristen antzeko profila du, eta Espainiaren segurtasunaren kontrako mehatxu argia da", esan du Barne Ministerioak.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean