Gizon bat atxilotu dute emakumeak aldageletan grabatzearren, Sestaon
Ertzaintzak 29 urteko gizonezko bat atxilotu du Sestaon sakelako telefonoarekin aipatu udalerriko eta Barakaldoko kiroldegietako aldageletan emakumeak grabatzea leporatuta.
Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, baliteke atxilotuak, asteartean atzeman eta epailearen aurretik igaro ostean libre geratu zenak, Portugaleteko, Basauriko, Arrigorriagako eta Zorrotzako (Bilbo) kiroldegietan ere egin izana grabazioak; hala, ikerketak irekita jarraitzen du.
Ertzaintzak apirilean ireki zuen ikerketa, bi neskak jarritako salaketaren ostean. Barakaldoko kiroldegiko nesken aldagelako komunean gizon bat ikusi zuten ezkutatuta, atearen azpialdetik sakelako telefonoarekin bideoak grabatzen.
Era berean, ekainean, Sestaoko kiroldegi bateko langileek gizon bat topatu zuten bi aldiz emakumezkoen aldageletan.
Ertzaintzak susmagarria identifikatu eta atxilotu egin zuen aurreko asteartean.
Ertzaintzak sakelako telefonoa eta 'pen drive' bat atzeman zizkion susmagarriari atxilotu zutenean, eta ordenagailu bat, hiru sakelako telefono eta hainbat memoria biltegi atzeman zizkion Bilboko etxebizitza bat miatu zutenean. Ertzaintzako zientzialariek aztertuko dituzte guztiak, epailearen esku utzi aurretik.
Gizona bitan identifikatu zuten iraganean eraikin publikoetako nesken komunetan sartzeagatik.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak