Ospitalizazio oheak martxan jarriko ditu Urdulizko Ospitaleak astearte honetan
Ospitalizazio solairuetako lehen 64 oheak martxan jarriko ditu Urdulizko Ospitaleak astearte honetan. Guztira, Uribeko eta Mungialdeko 175.000 bizilagun artatuko dituzte.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ospitalizazio zerbitzuko solairuak inauguratu dituzte. Guztira, 148 ohe eta urtero ia 2.000 ospitaleratze izango ditu.
“Kalitatezko osasun sistema publiko, unibertsal eta profesionala indartzeko” euskal gizartearen esfortzua goraipatu du Urkulluk. EAEko agintariaren hitzetan, Urdulizko Ospitalearen zerbitzuak “ospitalizazio oheak martxan jarrita pauso berri bat” eman du gaur.
Ospitalea “gero eta zerbitzu zabalagoa” eskaintzen ari dela azpimarratu du lehendakariak. Horrela, Urdulizko Ospitalea datorren urtean “bete-betean lanean” izango dela goraipatu du Urkulluk. Eusko Jaurlaritzak Eibarko ospitale berria zabaltzeko “erronka” izango duela nabarmendu du buruzagiak.
33 osasun-langile gehiago
Ospitalizazio zerbitzua martxan jarrita, ospitaleak 33 osasun-langile gehiago izango ditu: 75 mediku, 152 erizain eta erizaintzako laguntzaile, 29 teknikari eta 40 zaindari, administrazio profesional eta biltegiko langile.
Gainera, ospitalizazio zerbitzua martxan jarrita, Osakidetzak kontratatutako beste 41 profesional lanean hasiko dira ospitaleko sukaldean eta garbiketan.
2016ko uztailean Urdulizko Ospitalea zabaldu zutenetik, kanpo kontsultekin, zerbitzu berriak pixkanaka-pixkanaka lanean hasi dira, larrialdiak esaterako aurtengo maiatzean. Ospitalea irekitzeko 45 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izan da.
Hilabeteotan 63.800 kontsulta (18.800 2016an eta 45.000 2017an), erradiologiako 38.000 proba (8.250 2016an eta 29.750 2017an), 14.000 proba mediko, 500 ebakuntza baino gehiago eta 16.200 larrialdi artatu ditu ospitaleak.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak