Ane eta Markel, EAEko jaioberriei gehien jartzen zaizkien izenak
Ane, nesken kasuan, eta Markel, mutilen artean, dira oraindik ere Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gurasoek jaioberrientzat gehien aukeratzen dituzten izenak, 2014 eta 2016 artean jaiotakoen inguruan Eustat estatistika erakundeak egin duen azterketaren arabera.
Neskentzako izenen artean, Ane da gurasoen kuttunena, eta ondoren datoz June, Nahia, Irati, Laia eta Nora. Mutilen artean, Markelen ondotik, Jon, Aimar, Ibai, Julen eta Ander ageri dira.
Halaber, 2014 eta 2016 bitartean, neskei dagokienez, Libe eta Maren sartu dira gehien hautatzen diren 25eko zerrenda horretan, eta Aitana eta Garazi irten. Mutilen izenei dagokienez, Hodei eta Izei sartu dira 25eko zerrendan, eta Aitor eta Asier irten.
Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du, baina 100 izen ugarienen artean ez dago izen konposatu bakar bat ere, garai batean oso ohikoak ziren arren.
Zerrenda horretan euskal izenak dira nagusi, nahiz eta zenbait kasutan bi grafia ezberdinekin agertu: Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion edo Aritz-Haritz. Kasu horiek bi izen ezberdin gisa tratatzen dira.
Jaioberrien amen nazionalitatea aintzat hartuz gero, atzerritar gehienek ere izen euskaldunak aukeratzen dituzte. Gehien errepikatzen diren bost neska izenen artean Nahia (hirugarren) eta Haizea (bosgarren) ageri dira. Zerrendako lehena Sara da, hebrearra; bigarrena Sofia, grekoa; laugarrena Aya, arabiarra.
Mutiko izenetan, lehen postuan Adam ageri da, hebrearra; bigarren Mohamed dago, arabiarra; hirugarren Daniel, hebrearra; laugarren David, hebrearra, eta bosgarren Ander.
Zure interesekoa izan daiteke
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Pertsona bat atxilotu dute Ceuta Ya!-ko diputatuaren autoaren aurkako erasoagatik