Almeriako Gurutze Gorria: 'Autobusaren helmuga Donostia zen, ez Frantzia'
Astelehenean Donostiara iritsi ziren etorkinen inguruan azalpenak eman ditu gaur Francisco Vicente Almeriako Gurutze Gorriko arduradunak. Zabaldu diren hainbat informazio gezurtatu ditu, eta Almeriatik atera zen autobusaren helmuga Donostia zela ziurtatu du, ez Frantzia.
"Aurreikusitakoa baino ordubete lehenago iritsi zen autobusa, eta noraezean geratu ziren etorkinak. Euskadiko Gurutze Gorria egin zen haien kargu; aterpetxe batera eraman zituen eta laguntza humanitarioa eskaini zien. Agian, koordinazio akatsa egon zen, baina hortik autobusak abandonatu egin zituela esatera, aldea dago", esan du Vicentek.
Aurreko asteburuan Andaluziako kostan 500 etorkin baino gehiago erreskatatu zituzten, guztiak ontzietan iritsitakoak. Horietatik, 200 bat Bartzelonara eta Donostiara eraman zituzten, bost autobusetan.
Etorkinak artatzen dituztenean, nora joan nahi duten galdetzen dietela aurrena esan du Gurutze Gorriko arduradunak. Askok Frantzia edo Alemania aukeratzen dituzte, eta horregatik, mugatik gertuen dauden hiriburuetara eraman ohi dituzte etorkin horiek, betiere, tokian tokiko Gurutze Gorriko ordezkariekin aurrez harremanetan jarrita.
"Guk ezin ditugu zuzenean Alemaniara edo Frantziara eraman. Mugatik gertuen dauden hiriburuetara joan nahi izaten dute, eta Bartzelona edota EAEko hiriburuak daude horien artean", esan du.
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak