A1 autobidea itxi dute Iruña Okan, Gasteizera bidean, kamioi istripu batengatik
A-1 autobidea itxi dute ostiral goizean Iruña Okan, Gasteizera bidean, bi kamioiren arteko istripua izan ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ezbeharraren ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira. Ezbeharra izan duten bi kamioiak erretiratu bitartean, bypass bat zabaldu dute. Bi gidariak zauritu dira, horietako bat larri, eta Santiago Ospitalera eraman dituzte.
Istripua 09:00ak aldera gertatu da. Antza denez, txatarra zeraman kamioi batek enborrak zeramatzan beste bat jo du atzetik, eta zama errepidean sakabanatu da.
Larrialdietarako zerbitzuak aipatuz EFE albiste-agentziak zabaldu duen informazioaren arabera, enborrak zeramatzan kamioiak ezbeharra izan du, eta gidaria ibilgailutik jaitsi da. Orduan, txatarra zeraman kamioiak atzetik jo du geldirik zegoen kamioia, eta, kolpearen ondorioz, kamioitik jaitsita zegoen gidaria bere kamioiaren kabinaren eta errepideko hesiaren artean harrapatuta geratu da. Bi femurrak hautsi ditu, eta hemorragi ugari zituen bi hanketan.
Beste gidaria, txatarra zeraman kamioiaren gidaria, itxuraz, ez da larri zauritu, baina ibilgailu horren kabina txikituta geratu da, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute.


Argazkia: Arabako suhiltzaileak
Zure interesekoa izan daiteke
Etxebizitzaren aldeko protesta jendetsua egin dute Madrilen, eta greba orokorra prestatzen ari dira
Igandera arte luzatu dituzte euriteengatik EAEn gaurko ezarrita zeuden abisu horiak
12 lagun zauritu dira Errioxako taberna baten zati bat erorita, eta zortzi osasun zentroetara eraman dituzte
102 urteko emakume bat hil da eta 90 pertsona erreskatatu dituzte Albaceten, Madrigueras herrian izandako uholdeetan
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko