BepiColombo satelitea jaurtiko dute larunbatean Merkuriora
Europako Espazio Agentziak Merkuriora bidaltzen duen lehen satelitea jaurtiko du larunbat honetan, Japoniako Esplorazio Aeroespazialeko Agentziarekin batera. Kuruko (Guyana Frantsesa) Europako Portu Espazialetik botako dute Eguzkitik gertuen dagoen planetaren sekreturik ezkutuenak ezagutzeko.
BepiColombo Merkuriora bidaiatzen den hirugarren satelitea izango da, Mariner 10 eta Messenger sateliteen ostean.
Merkurio nola sortu eta garatu zen asmatzen saiatuko da BepiColombo. Horretarako, planetaren gainazala eta barnealdea ikertuko du; baita konposaketa eta exosferaren dinamika ere. Halaber, planetaren estruktura eta magnetosferaren dinamika zein eremu magnetikoaren jatorria aztertuko du. Gainera, Einsteinen erlatibitatearen teoria frogatzeko esperimentuak egingo ditu.
Era berean, Eguzki-sistemaren sorkuntza eta garapena hobeto ulertzen lagunduko die zientifikoei.