Euskal Trenbide Sareak beste sei trenbide pasagunetan jarriko du begicrossing sistema
Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren erakunde publikoak, begicrossing ikusmen artifizial eta adimendun sistema abiatuko du trenbide sareko beste sei pasagunetan.
DOMINION enpresako Begirale Controlling Risk ikusmen artifizialeko saila arduratuko da instalazioaz, eta 169.980 euroko aurrekontua eta bi hilabeteko epea izango du hori egiteko.
Oraingo honetan, toki hauetan jarriko dituzte: Hendaia (Topoa), Errenteria (Topoa), Gernikako errepidea (Zornotza-Bermeo), Ibarra kalea (Zornotza-Bermeo), Aginaga (Bilbo-Donostia) eta Urbi (Bilbo-Donostia).
Begicrossing sistemak ikusmen eta adimen artifizialen teknologiak ditu oinarrian. Trenbide pasaguneetan gerta daitezkeen intzidentziak azkar hautemateko balio dute, oinezkoen gunean oztopoak edo pasagunean segurtasun elementuren baten akatsak detektatzen baititu.
Aukeratutako sei puntu horiek zuzenean aztertuko ditu sistema berritzaile horrek. Begicrossing-ek oharrak eta alarmak bidaltzen ditu aginte postuko kudeaketa sistemara nahiz trenbide pasagunera, eta, horrela, gidariari intzidentzia bat dagoela jakinarazten dio.
Berritasun hori Eusko Jaurlaritzak trenbide sareko segurtasuna hobetzeko emandako beste pauso bat da. Sistema beste sei pasagunetan dago instalatuta: Asua-Erandion, Berrizen, Muxikan, Gernikan eta Zornotzan (bi tokitan).
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak