Adingabe bat auzipetu dute Arrigorriagan, neska bati sexu-erasoa egitea egotzita
Ertzaintzak adingabe bat auzipetu du Arrigorriagan (Bizkaia), neska bati sexu-erasoa egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, emakumeak jarritako salaketaren arabera, joan den ostegunean, azaroak 1, jasan zuen erasoa.
Sexu-eraso horren aurrean, Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek “modu argi eta irmoan” salatu dute gertatutakoa, eta “babes osoa” adierazi diote “erasoa jasan duen gazteari eta haren ingurukoei”. Gauzak horrela, “une zail hauetan behar izan ditzaketen udal-baliabide guztiak” haien esku jarri dituztela gogorarazi diete.
Era berean, “emakumeen osotasuna eta bizitza urratzen dituzten ekintza edo jarrera diskriminatzaile guztiak” gaitzesten dituztela azpimarratu dute. “Eraso sexistak emakume eta gizonen desberdintasun-egoeraren ondorio larriena dira, eta errua ez da inoiz emakumeena, erasotzailearena baizik”, gaineratu dute.
Halaber, Udalaren Berdintasunerako Planen bidez indarkeria matxistaren kontra eta emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko “konpromiso sendoa” agertu dute.
Azkenik, “eraso hori gaitzesten dutela adierazteko deia” luzatu diete Arrigorriagako herritarrei. Helburu horrekin, elkarretaratzea deitu dute ostegun arratsalde honetan, 19:00etan, udaletxearen aurrean.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean