Trafikoa bere onera itzuli da N-1 errepidean, Andoainen, goiz korapilotsuaren ondotik
Hamar ibilgailuk elkar jo dute gaur goizean N-1 errepidean, Andoain parean, eta auto ilara luzeak sortu dira bai N-1 errepidean eta baita A-15 errepidean ere.
Ezbeharra 07:55ean gertatu da Andoainen, Gasteizko noranzkoan. Antza denez, hamar ibilgailuk elkar jo dute.
Istripuaren ondorioz, ezkerreko erreia itxi dute eta zazpi kilometrora arteko ilarak sortu dira Gasteizko noranzkoan, Lasarteraino. Halaber, N-1eko istripuak eragina izan du A-15 errepidean ere eta kasu horretan ilarak Hernaniraino iritsi dira.
N-1 errepidean, baina Irungo noranzkoan, trafikoa geldoa izan da hainbat orduz eta ilarak lau kilometrorainokoak izan dira.
11:30 pasatxoan trafikoa bere onera etorri da.
Istripuaren tokira bertaratutako osasun langileek hainbat pertsona artatu dituzte eta bi zauritu Donostia Ospitalera eraman dituzte.