Zulo paraleloan zentratuko dira putzura erori zen bi urteko umea erreskatatzeko
Totalan (Malaga) herriko putzu batera erori zen bi urteko umearen bila ari diren erreskate taldeek bertan behera utzi dute haurra ateratzeko aurreikusitako bi aukeretako bat: zulo horizontala ezin izango dute egin lur-eremuan aurkitutako arazoak direla eta; hortaz, tunel paraleloan zentratuko dira hemendik aurrera umea salbatzeko.
Erreskate taldeek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez, jada tutua jarri diote umea erori zen putzuari. Bestalde, tunel horizontalaren hondaketa-lanen harira, bidean harri ugari aurkitu dituztela eta bertan behera utzi dutela azaldu dute.
Adituek jakitera eman dutenez, antza, Julen 80 metrora egongo litzateke; hori dela eta, erreskate taldeen helburua tunela 80 metroraino egitea izango da.
Erreskate lanetan ehun bat lagun ari dira; besteak beste, hainbat enpresa pribatu eta Hunosako Meatzarien Salbamendu Brigada.