Elkarrizketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Amaia Arranz: 'Horrelako proiektu bat egiteko aukera ez da egunero lortzen'

"Ikerlariak oso egoera ezegonkorrean gaude. Ziurgabetasuna nekagarria da, eta tamalez, askok ikerkuntza uzten bukatzen dute", esan du euskal arkeobotanikariak Marie Sklodowska-Curie beka jaso ostean.
Amaia Arranz
Amaia Arranz. Argazkia: Amaia Arranz

Lanean hasi baino, lanean jarraituko duela dio Amaia Arranz euskal arkeobotanikariak, gizateriaren lehen ogi hondarrak ikertzen jarraituko baitu Marie Sklodowska-Curie beka jaso ostean. Pozarren hartu du laguntza, izan ere, "horrelako proiektu bat egiteko aukera ez da egunero lortzen".

"Oso pozik nago, Marie Sklodowska-Curie kontratua lortzea erronka handia baita. Aurten mozte-notak oso altuak izan dira, eta ez nuen lortzea espero", esan du ikerlari tolosarrak. Gainera, Arranzen esanetan, urtez urte ikerlari gehiagok eskatzen du beka. "Aurten 800 proiektu gehiago aurkeztu dira, guztira 9.800 inguru. Horietako 1.000-1.300 proiektuk lortu dute laguntza arlo desrberdinetan: fisika, kimika, ingenieritzak, gizarte zientziak... Nik azken horretan lortu dut", azaldu dio eitb.eus-i.

Laguntza horri esker, Jordaniako aztarnategi batean duela 14.400 urte egindako ogi baten hondarren ikerketarekin jarraitu ahal izango du Arranzek. "Alde batetik, proiektu honek ikerketa-galdera garrantzitsuei erantzuna bilatzen lagunduko dit, eta bestetik, nire ikerlari formakuntza garatzeko aukera emango dit: metodo eta analisi berriak egiten ikasiko dut, ikerketa diru-laguntzak kudeatzen, lidergoa garatzen... gauza mordoa!", adierazi du.

2015ean Danimarkara joan zen Kopenhageko Unibertsitatean eskolak ematera. "Unibertsitatean postua lortzea zaila izaten da, aukera gutxi eskaintzen dira, eta tamalez, askotan aurretik jakin izan ohi da nork irabaziko duen lanpostua. Emakumea eta gaztea izateak ere ez du batere laguntzen. Orokorrean gardentasun politikak falta direla esango nuke", adierazi du.

"Laguntza lortzen baduzu lana eta soldata izango duzu, bestela kale gorrian geratzen zara"

Horren harira, ikerlarien bizitza proiektuak lortzearen menpe dagoela azaldu du. "Laguntza lortzen baduzu lana eta soldata izango duzu, bestela kale gorrian geratzen zara", aitortu du.

Marie Sklodowska-Curie bekari esker "ze osagai erabiltzen zituzten, landareak jangarri bihurtzeko ze teknika jarraitzen zituzten (ehoketa, fermentazioa, txigortzea, egosketa...), eta ze janari prestatzen zituzten aztertu ahal izango dut. Datu horiek hipotesi desberdinak kontrastatzeko erabiliko ditut", azpimarratu du ikerlariak.

Lanak Ekialde Hurbileko aztarnategietan egingo dira, baina proiektuaren puntu garrantzitsu bat esperimentazioa izango da. Ildo horretan, epe motzean Euskal Herriko materialekin lan egitea gustatuko litzaioke, "potentzial handia baitago hemen!", azaldu du.

Amaia Arranz Jordanian. Argazkia: Amaia Arranz

Horrenbestez, historiaurreko elikagaiak erreproduzitu beharko ditu, eta horretarako Euskal Herriko hainbat erakunderekun egingo du lan, esaterako, Basque Culinary Center eta Mugaritz.

"Eztia, esnekiak edo olioak Neolitoarekin erlazionatzen ditugu, baina ziur nago ehiztari-biltzaileek ere erabiltzen zituztela"

Orain arte dituzten "usteak" baieztatu edo ukatu ahal izatea espero duela esan du. "Adibidez, uste genuen ogia nekazaritzarekin batera sortu zela. Eztia, esnekiak eta olioak ere (beste elikagai askoren artean), Neolitoarekin erlazionatzen ditugu, baina ziur nago ehiztari-biltzaileek ere erabiltzen zituztela. Hori demostratu nahiko nuke".

Bestalde, Neolitoan Europara etorri eta gailendu ziren laboreak landare zehatz batzuk bakarrik (hala nola garia, garagarra, dilista, ilarra, garbantzuak ...) izatearen arrazoia ere jakin nahi du. "Orain arte perspektiba ekonomikoa erabili dugu hori azaltzeko (produkzioa, ezaugarri nutritiboak etab.). Nik perspektiba gastronomikoa erabiliko dut: ze elikagai egiten zuten landareokin eta ze garrantzi zuten gizarte haientzako (esaterako oinarrizko elikagaiak ala luxuzko produktuak ziren)", azpimarratu du.

Ikerketa lan saiatua egin arren, "askotan proiektu bat lortu eta 2-5 urterako lana duzu, baina hori eta gero etenak egoten dira normalean. Beraz, oso egoera ezegonkorrean aurkitzen gara, nahiz eta puntako ikerkuntza egin. Ziurgabetasun hori oso nekagarria da, eta tamalez, askok ikerkuntza uzten bukatzen dute", gaineratu du Arranzek.

Zure interesekoa izan daiteke

GRAFCAV1775. BILBAO, 07/04/2026.- La consejera de Bienestar, Juventud y Reto Demográfico, Nerea Melgosa, (c) el viceconsejero de Juventud y Reto Demográfico, Xabier Legarreta (d) y el director de infancia, adolencencia y familia Gorka Oraá presentan este martes las líneas generales del 'Día sin móvil: un reto para estar más cerca', que se celebrará el próximo 18 de abril en las tres capitales vascas. Observatorio Vasco de la Infancia, Adolescencia y la Juventud. EFE/Luis Tejido
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Mugikorrak alboratu eta familiaz gozatzeko gonbita, apirilaren 18an, EAEko hiriburuetan

Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mugikorrik Gabeko Eguna Familian izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Familia inguruan teknologiaren erabilera kontzienteagoa sustatzea du helburu egitasmoak. “Ongizate emozionala zaintzeko eta senideekin egotearen balioa berreskuratzeko keinu txiki” gisa aurkeztu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Detenido un hombre en Berriz tras apuñalar a su mujer, herida de gravedad
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Manifestazioa deitu dute arratsalderako Berrizen, asteleheneko eraso matxista larria salatzeko

48 urteko gizonezkoa emaztea hiltzen saiatu zen Berrizen, eta emakumea helikopteroz eraman zuten Gurutzetako Ospitalera. Atxilotuak polizia-etxean jarraitzen du, epailearen aurrean deklaratzeko zain. Bestalde, Berangoko Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Amaiaren hilketa salatzeko. Apirilaren 1ean bikotekideak hil omen zuen, Basaurin, baina berangoztarra zen. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X