Vincent Lambert, egoera begetatiboan zegoen tetraplegikoa, hil egin da
Vincent Lambert, 11 urtez egoera begetatiboan egon den tetraplegiko frantsesa, hil egin da, Frantziako hedabideek jakinarazi dutenez. Duela bederatzi egun abiatu zuten Reimseko ospitalean bizirik mantentzen zuten makinak itzaltzeko prozesua.
Lambert auziak heriotza duinaren eztabaida berpiztu du Frantzian. Familia bera zatituta egon da urte luze hauetan: hiltzen uztearen edo zainketa aringarriei eustearen aldeko borrokan.
Lambertek (42 urte) trafiko istripu larria izan zuen 2008an, eta garuneko lesio larri itzulezinak egin zituen. 2011n hobera egiteko inongo aukerarik ez zuela ebatzi zuten medikuek, eta 2014an, bere egoera begetatibotzat jo zuten. Hainbat makinak bizirik mantentzen zuten. Rachel emazteak eta Lamberten anai-arrebetako batzuek borroka legala abiatu zuten makinok amatatzeko. Asmo horren kontra egin zuten hasieratik Lamberten guraso eta bi anaia-arreba ultrakatolikoek.
Gorenak emandako epai bati jarraiki, uztailaren 2an makinok itzaltzeko prozesuari ekin zioten medikuek. Astelehenean, Viviane eta Pierre gurasoek amore eman eta helegite gehiago aurkeztuko ez zituztela iragarri zuten.
Dena dela, erabaki horrek ez du esan nahi borroka judiziala amaitu denik. Jean Paillot gurasoen abokatuak iragarri zuenez, "Vincent Lamberten heriotzaren arduradunek kontuak eman beharko dituzte".
Hori horrela, Vincent Sanchez medikuaren eta horren lantaldearen kontrako salaketa aurkeztu zuten joan den astean Reimseko Fiskaltzaren aurrean, "hilketa egiteko saiakera" egotzita.
Eutanasia ez da legezkoa Frantzian. Nolanahi ere, 2016ko arau batek baimentzen du pertsona bat hiltzen uztea, baldin eta haren egoera atzeraezina baldin bada.
Zure interesekoa izan daiteke
Ertzaintzak Realeko, Alaveseko eta Celtako 20 zale "erradikal" inguru identifikatu ditu Donostian
Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, lo zegoen 14 urteko adingabe bat bortxatzeagatik
ErNEk Tolosako bi udaltzaini egindako eraso bat salatu du, esku-hartze batean larri zauritu zituzten
Greba orokorra Iparraldean, bizitzaren garestitzearen aurka
Zupiria: "Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak hartu dituzte hartu beharreko neurriak gaurko partiduari begira"
Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean trafikoan, aparkalekuetan eta garraio publikoan
Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian