Amets M. de Heredia: 'Manifestazioa mugarria izango da LGTBI kolektiboarentzat'
Harro! Euskal Herriko transmaribibollo plataformak manifestazioa deitu du gaur arratsalderako Bilbon, European Pride Organisers Association erakundea Bizkaiko hiriburuan egiten ari den topaketa salatzeko. Joan den ostegunetik, I. LGBTI Biltzar Atlantikoa eta European Pride Organisers Association deituriko (EPOA) erakundearen batzar nagusia egiten ari dira.
Ekimen horren atzean dagoen "eredu kapitalista" salatu nahi dute gaurko protestan, eta, dagoeneko, 157 elkarteren babesa jaso dute. 17:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, 'Harro ez da €EuroPride! Gure izenean ez!' goiburupean.
Amets Martinez de Heredia (Gasteiz, 1981) Harro! plataformako kidea da, eta manifestazioa "mugarria" izango delakoan dago.
Bilbon egiten ari diren topaketa "hiriari eta lurraldeari lotutako ekimena" dela eta "sexu eta afektibitate aniztasuna aldarrikatzea" dela helburua diote, hitzez hitz, antolatzaileek. Zer diozue horren aurrean?
Alde handia dago hitzetatik ekintzetara. Askotan, hitz politek ez dute zerikusirik benetako ekintzekin. Ez dut uste begirada turismoan jarrita duen ekimen batek halako helburu handiak lortzeko balio duenik. Datu ekonomikoei erreparatzea besterik ez dago: 2015etik 2019ra Bizkaiko Aldundiak 151.161,45 euro bideratu zituen Bilbao Bizkaia Harro ekimenera, eta diru hori guztia Turismo Departamentuko poltsatik atera zen. Asteburu honetan Bilbon egiten ari diren topaketarako 70.000 euro eman ditu erakunde horrek. Horrez gain, Bilboko Udalak, aurten, 36.300 euroko ekarpena egin dio ekimenari, Bilbao Ekintza erakundearen bidez. Agerikoa da, interes ekonomikoak eta turistikoak ezkutatzen direla ekimen hauen atzean.
'Harro ez da €uropride' lelopean, manifestazioa egingo duzue gaur arratsaldean Bilbon. Zer mezu helarazi nahi diozue gizarteari?
LGTBI mugimenduaren gizarteratze faltsu bat saldu nahi dute sektore ekonomikoa gidatzen duten enpresek, eta erosteko ahalmenaren bidez bakarrik lortzen den gizarteratzera mugatu nahi dute kolektiboaren arrakasta. Eredu hori salatu nahi dugu, gure kolektiboko zati handiena bazterrean uzten duelako. Pride marka duten ospakizunek ematen duten irudiarekin ez gatoz bat; gizonezko gihartsuak eta ilerik gabeak, mugimendu sensualak egiten. Horrek ez gaitu gu irudikatzen, eta ez gara mugimendu horrekin identifikatuta sentitzen. Kolektiboa askoz anitzagoa da.
Manifestazioa iragarri zenutetik, babes zabala jaso duzue. Protesta jendetsua espero al duzue?
Bazterkeriaren eta bidegabekeriaren atzean eredu kapitalista bakarra dagoela herri mugimendu askok salatzen duten kontua da. Asko eta asko gara hori ikusten dugunak, eta oso pozik gaude azken asteotan jaso dugun babesarekin. Zapalkuntza guztien iturburua bakarra dela argi daukagu, eta geroz eta zabalagoa da horren kontrako kontzientzia. Geroz eta gehiago gara, eta sarea handitzen ari gara, elkarlanean aritzeko.
Honekin lotuta, oso deigarriak egin zaizkigu Aratz Castro Bilbao Bizkaia Harro taldeko koordinatzailearen hitzak: talde isolatu bat ginela esan zuen, eta, begira, 153 kolektiboren babesa jaso dugu gaurko manifestaziorako. Deialdiaren aniztasuna eta neurria agerian uzten du horrek.
Hiria turismorako erakusleiho bihurtu dutela salatu duzue, eta horren eraginak kaltegarriak izango omen dira "kolektiboarentzat eta hirarentzat". Zein dira eragin kaltegarri horiek?
Eredu neoliberalaren baitan kokatzen dugu guk ekimen hau, eta, beraz, zentzu askotan da kaltegarria; kontsumora bideratutako ekintza bat da, hainbat errealitate ezkutatzen ditu eta "dibertsioaren paradisua" deitzen duten horretarako ateak ez daude denontzat zabalik. Ez dugu ahaztu behar LGTBI kolektiboan prekarietatea oso presente dagoela, eta horrelako ekimenetan dirua dutenek bakarrik har dezaketela parte.
Hiria, nola ez, turismorako erakusleiho handi bat bihurtu nahi da. Ez dezagun ahaztu turismoa dela hazten ari den alor ekonomikoetako bat, baina horrek ez du, inolaz ere, sortutako aberastasunaren banaketa justu bat bermatzen.
Harro! Euskal Herriko transmaribibollo plataformak aldarrikapenerako beste eredu bat landu nahi du.
Bizitza defendatzen dugu eta bizitza jarri nahi dugu aldarrikapenaren erdigunean, mugimendu feministarekin batera. Gure borrokaren ardatza bizitza da, eta uste dugu festaren bidez posible dela bizitzaren alde egitea.
Testuinguru honetan, LGTBI kolektiboen baitan bi aldarrikapen eredu daudela esan al daiteke?
Azken urteotan gure kolektiboari eskubide asko onartu zaizkio, eta, horrekin, borrokaren helburu nagusiak bete direla pentsatzeko arriskua egon da. Baina, krisiak, edota, hobeto esanda, krisiek, bazterkeria gordinena agerrarazi dute berriro. Ferminismoak bizitza erdigunera ekarri izanak, borroka luze baten ondorioz, beste borroka batzuk indartzea ahalbidetu du; pentsiodunen borroka, ekologistena edota prekarietatean bizi direnena. Noski, LGTBI mugimendua ere borroka horren parte sentitzen da, eta zabaldu egin ditu bere aldarrikapen esparruak. Besteak beste, Trans* pertsonen beharrak ekarri ditugu agendara.
Hori da gure bidea, eta ez dugu uste bi aldarrikapen eredu daudenik aurrez aurre, ez eta bi borroka molde ere. Erakundeei presio egitea da Euskal Herriko LGTBI mugimenduaren bidea, eskubideak eta aldaketa politikoak lortzeko. Ez dugu hitz politekin eta topagune mediatikoekin politikoen geldotasuna estaliko.
Zer ekarri dio Harro! plataformak Euskal Herriko LGTBI mugimenduari?
Eredu justuago batean oinarrituko den eraldaketa soziala bilatzen du LGTBI mugimenduak, eta gure plataformak ildo hori jarraituko du, maila orokorrean eta herri mailan, koordinadora ezberdinen bidez eragiten.
Harro! plataformak ilusio handia ekarri du, eta gaurko manifestazioak LGTBI kolektiboaren jardunean mugarria jarriko duela ziur gaude, azken asteotan jaso dugun babesa ikusita. Aurreikuspen guztiak hautsi ditu gure plataformak eta horrek hausnarketa bat eskatzen du, eraiki nahi dugun etorkizunari begira.
Egun, bederatzi taldek osatzen dugu Harro!: EHGAM, Ozen LGTB, Hiruki Larroxa, Sare Lesbianista, Guztiok, Iris Proiektua, Euskal Hartzak, Intifada Marika eta Lumagorri. Noski, taldea zabaltzen joatea da gure helburua.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salatzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Espainiako Estatuko herritarren % 79k uste dute "posible" dela etorkizunean gerra batean arma nuklearrak erabiltzea
CISen inkesta baten arabera, herritarrei gehien kezkatzen dien beste beldur batzuk dira gertuko senide bat galtzea, osasuna galtzea, itsu geratzea edo minbizia hartzea.
Gorpu bat aurkitu dute itsasoan, Ondarroa eta Lekeitio artean
Gorpua ezin izan dute identifikatu, baina baliteke asteartean Mendexan desagertutako 82 urteko arrantzalea izatea.
Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko da Euskadin
Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoari lotutako zerga berria arautzen duen Foru Arauaren proiektua onartu du. Zergaren oinarria gau kopuruaren arabera kalkulatuko da.
76 urteko gizon bat eta 38 urteko emakume bat atxilotu dituzte, Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Biktima atxilotuekin batera Santutxuko Karmelo kaleko etxebizitza batera igo omen zen.
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
"Justizia Dalianentzat" lelopean, Parisen hil zuten Tolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.
Bi gizon inputatu dituzte Artxandako hilketagatik, eta beste hiru krimen hura ezkutatzeagatik
2023ko abuztuan, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten, zatituta eta erreta, maleta baten barruan, Artxandan dagoen abandonatutako eraikin batean.
Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.
Osakidetzako proba diagnostikoen irudiak ikusgai, Osasun Karpetaren bidez
Iaz, 592.888 herritarrek erabili zuten Osasun Karpeta eta 8,2 milioi sarbide izan zituen. Interesa dutenek irudietara sartzeko eskaera online egiteko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritzak 271 milioiko inbertsioa egingo du hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko
ADIMEN DIGITALA estrategiak software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa ahalbidetuko du, irakasleen prestakuntza digitala indartuko du eta euskarazko hezkuntza-edukiak sustatuko ditu.