EuroPride jaialdia Bilbon egitearen aurka agertu da Harro plataforma
Harro transmaribibollo plataformak manifestazioa deitu du irailaren 21erako Bilbon, European Pride Organisers Association erakundeak Bizkaiko hiriburuan irailaren 19tik 23ra bitartean egingo duen bilera salatzeko.
2022an EuroPride jaialdia zein hiritan egingo duten erabaki behar dute, eta Bilbo hautagaien artean dago.
Manifestazioa 'Harro ez da €EuroPride! Gure izenean ez!' lelopean egingo dute eta udan mobilizazio horren aldeko atxikimenduak biltzeko kanpaina bat jarriko dute abian.
Agiri baten bidez, plataformak gogora ekarri du "neoliberalismoak gure borroka despolitizatzeko eta merkantilizatzeko dituen estrategiei aurre egiteko" sortu zela, eta ohartarazi du topaketa honek ez diela soilik Bilbori eta Bizkaiari eragiten, "eredu kapitalistaren interesei erantzunez egiten direlako, jada beste hiri eta herri askotan ikusi dugunez".
"Hiriak erakusleiho eta parke tematiko bilakatu nahi dituzte, desberdintasun sozialak, prekarietatea, pobrezia eta bazterketa ezkutatzeko, eta turismoa gutxi batzuk aberasteko estrategiatzat erabiltzen dute", salatu dute.
Ildo berean, horren guztiaren erantzulea EAJ dela esan dute, "bere proiektu neoliberala aurrera eramateko apustu garbia egin duelako".
Plataformak kritikatu du EuroPride jaialdia "citymarketing-a bultzatzeko beste makroekitaldi bat baino ez" dela.
Halaber, erakundeek LGTBI kolektiboaren izena erabiltzen dutela salatu du, "bazterketa gainditzea lortu ez duten beste kolektibo batzuei politika baztertzaileak ezartzen jarraitzeko". "Eta bitartean pobrezia maila goraka doa, EAJk onartu ez arren", erantsi du.
"Erakundeek jendarte eta hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista sustatzen duten bitartean, zabalera eta tolerantzia irudia sortzeko LGTB+ kolektiboaz egiten duten erabilera salatzen dugu. Ez dugu prekarizatzen eta gentrifikatzen duen gayfriendly turismoa. Ez gure izenean. Ez dugu onartuko gu marka batean bihurtzea", azpimarratu dute Harro plataformako kideek.
Gauzak horrela, "borroken arteko elkartasuna" aldarrikatu eta "neoliberalismoaren erasoekin kezkatuta dauden eragile sozialen eta kolektibo ezberdinen arteko elkarlana" bultzatzearen alde egin dute.
Amaitzeko, EuroPride jaialdiaren kanpainarekin bat egiteko eta irailaren 21eko manifestazioa parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei.
Zure interesekoa izan daiteke
La Calzadako bizilagunek bitartekaritza eskatu dute, euren etxebizitzen jabe den funtsaren "abusuzko prezioen" aurrean
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak