Gizon bat atxilotu dute Agurainen, emakume bati aizto batekin eraso egitea leporatuta
43 urteko gizon bat atxilotu dute Agurainen, emakume bati sabelean aizto batekin eraso egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astearte honetan jakinarazi duenez.
Erasoa igandean jazo zen, Aguraingo taberna batean. 02:00ak aldera, Ertzaintzaren patruila bati bertaratzeko eskatu zioten, emakume batek eraso matxista jasan baitzuen.
Agenteak berehala iritsi ziren, eta biktima senide batzuekin topatu zuten, ustezko erasotzailearen beste lagun batzuekin eztabaidan.
Gizonak sukaldeko aizto batekin sabelean eraso ziola jakinarazi ondoren, beharrezko ikerketa egindakoan, Gasteizen aurkitu zuten ustezko erasotzailea, eta atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten.
Salaketaren arabera, atxilotuak emakumearen neba bultzatu zuen, mozkortuta zegoela, eta, hori dela eta, tabernatik kanporatu zuten.
Minutu batzuk geroago, ordea, erasotzailea itzuli egin zen, eta gizon horri aizto batekin eraso egiten saiatu zen. Emakumearen senideek hari erasotzea eragotzi zioten, baina emakumeari eraso zion orduan, aiztoa sabelaldean sartuta.