Gizon bat atxilotuta Cartagenan, 2018tik desagertuta dagoen bikotekidea hiltzeagatik
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Cartagenan (Murtzia), 2018ko abendutik desagertuta dagoen bikotekidea hil duelakoan. Oraingoz, ez dute biktimaren gorpua topatu. Atxilotua larunbatean utziko dute epailearen esku; gertatutakoaren hainbat bertsio eman ditu, tartean bikotekidea hil eta laurdendu zuela.
Polizia iturriek jakinarazi dutenez, gizonari susmo txarra hartu zioten, eta ikertu ondoren, asteazkenean atxilotu zuten. Atzo bikotearen etxebizitza miatu zuten, froga bila.
Iturrion arabera, 2018ko abenduaren 25ean desagertu zen 54 urteko emakume bat izan liteke biktima. Desagertu zenean, SOS Desagertuak eta 112 larrialdi zerbitzuak ohartarazpena bota zuten sare sozialetan, laguntza eske. Aurtengo martxoan gogorarazi dutenez, oraindik ez dute haren berri.