N-634 errepidea itxi dute Getaria eta Zarautz artean bi noranzkoetan luizi batengatik
N-634 errepidea itxi dute Getaria eta Zarautz artean, bi noranzkoetan, igande goizean, luizi batengatik. Harriak eta lurra erori dira errepidera, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Egun osoan izandako euri eta haize-denboraleagatik gertatu da luizia. Ertzaintza eta Herri Lanetako langileak bertaratu dira, eta errepidea garbitzeko lanak abiatu dituzte.
Halaber, azken orduetako ekaitz eta zaparraden ondorioz, zuhaitz bat erori da Barakaldon, Miranda Etorbidean, eta ezusteko gehiago ere izan dira. Guztira, hamar bat abisu eman dituzte herritarrek, Udalaren arabera.

Barakaldon, zuhaitz bat jausi da. Argazkia: EiTB.
Ohar batean, Barakaldoko Udalak zehaztu du jausitako zuhaitza San Bizente Kirol Hiriaren ondoan zegoela, San Bizente auzoan. Gertakariak ez du zauriturik edo kalte materialik utzi; suhiltzaileek kendu dute zuhaitza errepidetik.
Gainera, hainbat buxadura izan dira, euriagatik; handiena, Errekatxo auzoan eta Gorostitza gunean. Bertan, talde batek sakon garbitu dituzte arekak, urak berriro gainezka egin ez dezan. Adi egon dira arratsaldean, udalerrian buxadura gehiagorik egon ez dadin.
Iruñean ere, larunbatean, zuhaitz handi bat jausi zen, Udaltzaingoak Twitter bidez jakitera eman duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko