Zazpi pertsona ebakuatu dituzte Donostian, lur-jausi baten ondorioz
Horma bat erori da Donostian, lur-jausi baten ondorioz, eta, hori dela eta, zazpi auzokide ebakuatu behar izan dituzte, baina ez da inor zauritu. Ebakuatutakoak ezingo dira etxera itzuli oraingoz.
Udalak azaldu duenez, lur-jausia astearte goizaldean jazo da, Benta Berri auzoan, Zarautz etorbidearen 31 eta 33. zenbakien artean. Horren ondorioz, 27 eta 33. zenbakien arteko atariei zerbitzua ematen dien gas instalazio batean kalteak izan dira.
Gaur bertan hasiko dira hondakinak kentzeko eta mendi-hegalaren segurtasuna bermatzeko lanak.
Testuinguru horretan, Satorralaia auzokide elkarteak salatu du metroaren lanek eragin dutela gertatutakoa, eta nabarmendu du lur-jausi gehiago gertatzeko arriskua dagoela.
Era berean, gaineratu du kaltedunek eurek lur-jausi arriskua zegoela ohartarazi zutela.
Euskal Trenbide Sarea elkarte publikoak, baina, ukatu egin du Topa lurperatzeko lanek eragin izana lur-jausia.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak