Bi neurgailu jarriko dituzte Zaldibarren airearen kalitatea kontrolatzeko
Zabortegian izandako luiziaren ondotik, airearen kalitatea kontrolatzeko bi neurgailu jarriko dituzte Zaldibarren. Hala jakinarazi du Zaldibarko Udalak arratsalde honetan egin duen ezohiko osoko bilkuran.
Joan den osteguneko lur-jausiaren ondorioz, zabortegiko bi behargin hondakin artean lurperatuta daude oraindik.
Jose Luis Maiztegi alkateak eta Juan Mari Uriarte alkateordeak ezbehar horren harira orain arte egindakoen berri eman dute batzarrean.
Airearen kalitatea kontrolatzeko neurgailuak jarriko dituzte bi baserritan. Horrez gain, mota guztietako substantzien laginak aztertuko dituzte.
Bestalde, Joseba Bidaurrazaga Bizkaiko Foru Aldundiaren Osasun Publikoko zuzendariordeak ere hartu du parte bilera horretan. Orain arte egindako neurketen arabera, airearen eta sare publikoko uraren kalitatea ona da.
Alabaina, hornidura sistema pribatua duten baserrietako bizilagunei txorrotako urik ez edateko gomendioa egin diete, badaezpada. Udalak bando bidez ohartarazi ditu aipatu baserrietako bizilagunak.
Zure interesekoa izan daiteke
Aita Mennik 1., 2. eta 3. solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean