Italia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Italiak 'Aita Mari' ontzia geldiarazi du, "irregulartasunak" egotzita

Erreskate-ontzian egindako ikuskapen batean "hainbat irregulartasun tekniko eta operatibo" atzeman dituzte, Italiako kostazainen arabera.
'Aita Mari ontziaren artxiboko irudi bat
'Aita Mari ontziaren artxiboko irudi bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Italiako kostazainek Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen 'Aita Mari' erreskate-ontzia geldiarazi dute, ontzian ikuskapena egin ondoren. Hain zuzen ere, bezperan 'Alan Kurdi' ontzia geldiarazi zuten Palermoko portuan, "irregulartasunak" egotzita.

"Gaur, Sea Eye gobernuz kanpoko erakundearen 'Alan Kurdi' ontzian egin zen bezala, Palermoko portuan dagoen 'Aita Mari' ontzian ikuskapena egin dute Italiako kostazainek, araudiak betetzen ari direla egiaztatzeko", azaldu dute ohar bidez kostazainek eurek.

Hala, agenteek adierazi dutenez, "nabigazioaren segurtasuna eta ingurumenaren babesa" bermatze aldera, ontzia "geldiarazi" egin dute; izan ere, "hainbat irregulartasun tekniko eta operatibo" atzeman dituzte, "tripulazioaren eta ontzian dauden pertsonen segurtasuna kolokan" jartzen dutenak.

Kostazainek gaineratu dutenez, itsasoa babesteko araudien zenbait urratze atzeman dituzte, asteartean, 'Alan Kurdi' ontzian egin zuten bezala.

"Atzemandako irregulartasunak tarteko, ontzia geldiarazita egongo da horiek zuzendu arte", Italiako kostazainen arabera, eta ikuskapena "Italiako portuetan dauden atzerriko ontzietan egin ohi diren segurtasun-kontrolen markoan dago", gaineratu dute.

Bi ontziak koronabirusaren pandemiaren testuinguruan geldiarazi dituzte. Pandemia dela eta, Italiak eta Maltak itxita dituzte portuak Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileentzat.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan

Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X