Uda ezberdina, urte ezberdin batean
Normaltasun berria deritzonak, oximorona gorabehera, gehiago du normaletik berritik baino, gure portaerari begiratuta. Araudiaren hormetan pitzadurak zabaldu direnean, herritarrak brastakoan lerratu dira berorietatik covid-19aren kolpearen aurretik zituzten ohiturak berritzera, kirolzaleak korrikaldietara, gizartekoiak terrazetara eta hondartzazaleak, esaterako, hondartzetara.
Orain ere, uda berbertan dugula, askok ez dute etsiko apirilik gabeko urtea udako oporraldirik gabeko urtea ere izatera, eta, zalantzak gorabehera, ahal dutenak, pandemiaren ukaldi ekonomikoak zulo beltzagoan sartu ez dituen denak gutxi-asko, planak egiten ari dira, udara begira.
Eroski Bidaiak bidaia agentzian, berbarako, oraintsu hasi dira udako bidaiak berriz saltzen, martxoaren erdialdetik aurrerako ezeztatze erauntsi atergabeak neguko kuarteletara bultzatu ondoren. “Beste urte batzuetan, bidaia guztien % 65 izaten genituen salduta ekainaren hasierarako, eta oraingoan hasi berri gara”, esan dute.

Hegoaldetar askok Andaluziara joko dutela esan digute Eroski Bidaiaken. Argazkian, Kordoba. Argazkia: Efe.
Bezeroen beldurrak, gainera, bidaia laburragoak egitea ekarri du, noski, hamaika buruhauste erantsi baitakar bizitzen ari garena bezalako egoera nahasi bat atzerrian harrapatzeak. “Joan den urtean, saldu genituen bidaia guztien % 35 izan ziren nazioartekoak, eta aurtengo udan % 5 eta % 10 artean izango dira gehienez ere; gehienak, gainera, Portugal eta Frantziara”, Eroski Bidaiaketik diotenez.
Portugalera joateko eskariak, hain zuzen, dezente hazi dira aurtengo uda bitxirako, herrialde hartan azkar hartu baitzituzten koronabirusaren aurkako neurriak eta covid-19aren eragina Espainian eta Frantzian baino txikiagoa izan baita, besteak beste. “Bidaiari askoren konfiantza irabazi du Portugalek”, Eroski Bidaiaketik esan digutenez: “Penintsulan bertan bidaiatzea gomendatzen ari gara eta, ahal denean eta ematen dizkiguten arauei jarraituz, Balear Uharteetara eta Kanarietara ere joango gara. Bestalde, kostaldekoak dira gehien eskatzen ari diren helmugak, Andaluzia, Valentzia eta Tarragona, baina aurten barne turismoak gorakada handia izango du”.

Askok uko egin diete nazioarteko bidaiei. Argazkian, Jordaniako hondartza bat. Argazkia: Efe.
Landa turismoa
Eta, hain zuzen, joan-etorri laburreko oporraldietarako asmo hori berretsi dute Nafarroako Nekazal Turismoko Federaziotik, lurralde horretako landetxe, apartamentu turistiko, aterpe, kanpin eta landa giroko bestelako ostatuak batzen dituen elkartetik: “Uztailean, % 50 eta % 70 arteko okupazioa espero dugu, eta abuzturako, % 80-90ekoa, hots, iazkoaren antzekoa. Egoera ez da txarra, bizitzen ari garenaren aurrean”, zehaztu dute.
Herritarrak, baina, zuhur ari dira jokatzen, eta inoiz baino denbora gehiago ari dira hartzen erreserbak egiteko: “Gure bezero gehienak EAEkoak, Kataluniakoak, Valentziakoak eta Madrilgoak dira. Lurralde bakoitzak bere erritmoa dauka deseskalatzean, eta horrek erreserbak baldintzatzen ditu. Dei asko jasotzen ari gara, baina batzuk ez dira oraindik ausartzen erreserba egitera”.

Bidaiari askok landa turismoa aukeratuko dute. Argazkian, Apezetxea landetxea (Arruiz)
Eta zalantza horiek uxatzeko lanean ari dira Nafarroako landatar ostatuak. Dagozkien neurri sanitarioak hartzeaz gain, egoera humanizatzeko ahalegina egiten ari dira pandemiak ekarri duen giro hotz eta desatseginean: “Egoera hau iraultzeko gai izan behar gara gure ezaugarri behinena den abegi hurbila eskaintzeko, gure bezeroek hori eskertzen dute eta”.
Horren ildotik turismo federaziotik azaldu dutenez, ez dute prezio berezirik edo beherapenik eskaintzeko asmorik jendearen zalantzak uxatzeko: “Erabat baztertzen dugu, eta ez bakarrik sektoreak oraintxe bertan horretan pentsatu ere ezin duelako egin, ezpada hartzen ari garenari balioa eman behar zaiolako eta kalitatea, zerbitzua eta bermeak garrantzitsuagoak direlako orain prezioa baino”.
Bermeak
Nolanahi den, zalantza zilegi horien aurrean, Olga Santamaria Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariak esan digunez, “aholku nagusia letra txikia baieztatzea da, batik bat kontratuak ezeztatzeko aukerari dagokionez. Arretaz begiratu behar dira baliogabetzeko eta ezeztatzeko baldintzak, bai agentziarekiko kontratuetan bai aseguruetan bertan”.
BIDAIA ANTOLATZERAKOAN KONTUAN IZAN BEHARREKOAK:
-Jarraitu osasun agintarien aholku eta aginduei
-Bidaia agentziek nazioarteko bidaiarik ez egitea gomendatu dute
-Arretaz irakurri kontratuen letra txikia eta ezeztatzeko baldintzak
-Edozein motatakoa dela ere, ostatuak eskaintza betetzeko berme erabatekoa eskaini behar du
-Geroratutako zerbitzuaren truke bonu bat jasoz gero, bezeroak zerbitzua jaso ahal izango delako finantza bermea ematea eska diezaioke bidaiaren antolatzaileari
Alarma egoera ezarri zenetik bidaiak bertan behera utzi behar izan dituzten agentzia eta garraio konpainiek bezeroaren esku utzi behar dute, Santamariak azaldu digunez, dirua atzera jasotzeko, bidaiaren data aldatzeko edo trukean bonu bat erabili ahal izateko aukera, eta, azken kasu horretan, bezeroak zerbitzua jasoko duela ziurtatzeko finantza bermea eska diezaioke bidaiaren antolatzaileari.
Santamariaren ustez, koronabirusaren pandemiak ekarriko dituen aldaketen artean hegaldi, bidaia eta ostatuen kontratazioena ere egongo da, “gerta litezkeen ustekabeko jazoerei aurre egitea ahalbidetuko diguten malgutasuna” izan beharko baitute.

Kanpina bilatuko dute bidaiari askok. Argazkian, Asolaze kanpina, Izaban.
Azkenik, ostatuaren nolakotasuna edozein dela ere (apartamentuak, etxe turistikoak, hotelak, kanpinak…) denek “kontsumitzaileari egindako eskaintza erabat betetzeko berme nahikoa” eskaini behar dutela azaldu du Santamariak.
Edozein modutara ere, bidaian joan edo ez eta bidaia hori edonolakoa dela ere, osasun agintarien aholku eta aginduei jarraitzeko deia egin dute turismoko eragileek, bidaiatzeak oso probetxuzko gauza izaten jarrai dezan, “desilusio eta neke huts artean”, Celinek idatzita utzi zuenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Oihane Mateos, Orain EITBren albiste zerbitzu digitalaren burua, hil da
Kazetaritzari eta etxe honi lotutako ibilbide profesional oparoa garatuta, 45 urterekin zendu da.
Kanoikadak Donostia astinduta abiatu dira jaiak
Euriak ez du unea zapuztu, eta Onintza Mokoroak metxa piztearekin batera lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute, hiriko zortzi taldek eman baitiote hasiera Aste Nagusiari.
Piraten baltsek Kontxako badia hartuko dute berriro astelehenean
Piraten abordatzeak milaka parte-hartzaile bilduko ditu berriro Donostiako Aste Nagusiko hitzordu jendetsuenetako batean, 17:00etan, Donostiako portutik aterako baitira.
Aktibo jarraitzen dute Huelvan eta Castellon piztutako suteek
Castellon, Cullako sutea kontrolpean dute jada, eta Serra d’en Galcerango sutearen bilakaera ona da; Tirigen, aldiz, sugarrek aurrera egiten jarraitzen dute. Nieblan (Huelva), suteak aktibo jarraitzen du, eta 4.000 hektarea erre dira jada.
Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan
Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.
Ia Nafarroa osoa alertapean egongo da ekaitzengatik; EAE eta Iparraldea, abisu horian
Arratsaldean, bero hodeiak garatu eta zaparrada trumoitsuak, txingorra eta haize bolada gogorrak espero dira, bereziki lurraldearen ekialdean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi duenez, uholdeak egon litezke euriteengatik.
Beroa eta oporrak oztopo dira Euskadin behar diren odol-emateak lortzeko
Tenperatura altuek eta oporraldiek zaildu egiten dute udan transfusioetarako behar den odol kopuruari eustea.
Amaitu dira AP-8ko Irun pareko eta A-8ko auto-ilarak
Trafiko Sailak amaitutzat eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bi puntutan sortutako auto-ilarak.
Meta eta TikTok plataformei kontrola indartzeko eskatu die Europako Batzordeak, Ceutako krisia tarteko
Abuztuaren 15aren aurretik, sare sozialok estu zaintzen ari da Brusela. Izan ere, egun horretan beste migratzaile olde bat espero da hiri autonomoan. Horren ildoan, Europako komisarioa bi plataformetako arduradunekin bildu berri da.
Kanoikadak abiatuko du Donostiako Aste Nagusia larunbat honetan
Artillari nagusiak 19:00etan piztuko du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela emango dio hasiera zortzi eguneko jaiari. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta.