Bizkaiko kostan hondoratutako ontzi bateko zortzi arrantzaleak erreskatatu dituzte
Itsas Salbamenduak Marhvin arrantza-ontziko zortzi tripulatzaileak erreskatatu ditu goizaldean Bizkaiko kostaldetik 53 miliara hondoratu ostean, Galea lurmuturraren parean. Ontzia Santoñakoa (Kantabria) zen.
Itsas Salbamenduko iturriek jakitera eman dutenez, itsasontziko tripulazioak 23:00ak aldera jakinarazi die erreskate zerbitzuei arrantza-ontzia hondoratzen ari zela kroskoan egindako zulo batetik ura sartzen ari zitzaielako, eta Salvamar Alcyone erreskate-ontzia bidali dute bertara.
Aurretik, Santoñan basea duen beste arrantza-ontzi bat (Nuevo Salvador Padre) bertaratu da hari laguntzeko, eta Marhvin ontziko bost tripulatzaile hartu ditu; beste hirurak ontzian sartzen ari zen ura ateratzen geratu dira.
Azken hiru arrantzale horiek ere ontzia utzi behar izan dute azkenean, eta Nuevo Salvador Padre ontzitik Itsas Salbamenduko ontzira eraman dituzte. Osasun egoera onean zeuden guztiak, eta gaur goizeko lehen orduan iritsi dira Santoñako portura.
Zure interesekoa izan daiteke
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyonnais partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak